'Capharnaüm / Capernaum'
Zuzendaria: Nadine Labaki. Herrialdea: Libano.Iraupena: 120 minutu.
Zain, 12 urteko mutikoa, Beiruten bizi da bere familiarekin. Behartsuak dira, eta, dirua lortzeko, etxeko haurrek hainbat trikimailu egin behar dituzte; kalean zukuak saltzetik, kartzelan dauden presoei tramadolez betetako arropak eramateraino. Zainen arreba gertukoena, 11 urtekoa, haren nagusiaren semearekin ezkontzeko saltzen dutenean, mutikoak nahikoa izan duela erabaki, eta etxetik ihes egingo du. Emakume etiopiar baten etxean amaituko du, haren haurra zaintzen.
Nadine Labaki zuzendari libanoarra aski ezaguna da Donostiako Zinemaldian, bere aurreko bi filmak, Caramel eta Et maintenant on va où?, hemen izan baitziren. Oraingo honetan, pobreziaren inguruko istorio batekin etorri da, haur baten ikuspuntutik kontatuta. Inozentzia aspaldi galdu zuen haurra da, ordea, eta haren iniziatibak eta determinazioak heldu asko baino bizkorragoa bihurtzen dute.
Lan indartsua, gogorra, hunkigarria ekarri du Labakik. Maisutasunez zuzendu du filma, istorio bizia kontatuz, bere gordintasunean irribarreak eta malkoak eragiten dituena. Zenbaitetan, ordea, ikuslea manipulatzeko intentzioa antzematen zaio Labakiri, eta badira hainbat diskurtso apur bat inuzenteak, infantilak direnak. Hala ere, orokorrean ohituta gauden pobreziaren inguruko filmen biktimismo horretatik ihes egiten du zuzendariak, eta horrek eta Zainen rola egiten duen aktorearen lan bikainak ikustea merezi duen film bat bihurtzen dute.