KRITIKA. Dantza

Bortitza vs. samurra

Samuel Mathieur koreografoaren Assasins piezako irudi bat.
Agus Perez.
2016ko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Samuel Mathieu eta Rêvolution konpainiak

Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Egunak: Irailaren 11 eta 12a.

Bestearen, kanpotarraren, estrainioa denaren tratamenduaz ari izan dira azken finean Dantza Maitaldiaren lehen asteburuko bi konpainia. Samuel Mathieuk zuzentzen duena izan da lehena, Korzo izeneko zentro zorrotzaren eskutik etorri da eta horren araberakoa izan da emaitza.

Piezako bost dantzariak —emakume bat eta lau gizon— praka beltzak eta alkandora dotorez jantzita etorri dira taulara, lasai antzean, eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu dute hasiera batean, agertokia bitan banatzen zuten mahai metaliko laukizuzenak leunkiro desplazatzen eta haiekin banaketa desberdinak eraikitzen eta deseraikitzen. Haietariko batek kutsu barrokoko kanta bat abestu du falsetto ahotsez eta argi zuri espektral batek argitu ditu behetik mahaiak eta gorputzak, haien itzalak atzeko paretan marraztuz eta ezkutuko biolentzia ilun baten giroa sortuz.

Assassins izeneko pieza honek gizakiaren txarreranzko joera gero eta nabarmenagoa plazaratzen du, herrien manipulatzaileen estiloa fin-fin parodiatuz eta norbanakoek masa grisean murgiltzeko duten nahia nabarmenduz. Bide horretatik aldentzen direnek masako kideen arbuioa jasoko dute, eta gero badira, omen, leku hotz, ilun eta lurpekoak, gorputegi, disekzio gela edo tortura ganbera diruditenak, gutariko edonorentzat erreserbatuak. Esango dute gero dantzarekin ezin direla sakoneko gaiak jorratu! Dantzaren ikuspegitik, ordea, ez da gaia bera interesgarriena izan haren tratamendua baizik, iradokitze maila bikainean mantendu delako beti emanaldia, gauzak era subliminalean esanez, argien eta perkusio-musikaren araztasunean bilduta eta dantzarien arrisku fisikoak muturreraino eramanda, katuen isiltasunarekin ibilita ere.

Les Forains, ballet urbain deitu da aipatuko dugun bigarren lana. Revolution konpainiak zortzi hip-hop dantzari elkartu ditu —neska bat eta zazpi mutil— Anthony Egearen zuzendaritzapean, eta Roland Petitek sortutako Les Forains balleta hartu du inspirazio iturritzat. 1945eko sorkuntza hark Petiten dantzaren gaineko ikuspegi berri bat ekarri zuen, eta ematen zuen oraingo honek ere ekarpen garrantzitsua egingo zuela aspalditik bilatzen den hip-hop eta dantza diziplinatuagoaren arteko elkarketa zailean. Horrela iruditu zaigu eguerdian: Herri-lorategiko entsegu publikoan erakutsi dituzten zatiak ikusita, bazirudien lortua zela helburua, Henri Saugeten suite atsegina bat zetorrela gazteen itzulipurdi ikusgarri eta keinu zatikatuekin, eta sampler bidez eraldaturiko doinuak zein erritmo elektronikoak egokiak zirela era klasikoagoan dantzatzeko.

Uste horretan jarraitu dugu emanaldiaren hasierako pasarteetan, zirku itxurako dekoratua eta argien diseinu landua lagun. Frank2Louise DJak eszenako albo batetik editatu du musika, zirku-artisten zuzendari aritzeaz gain, eta biziki estimatu dugu hip-hop dantzariek behingoagatik indiziplinatuak izateari utzi eta gidari baten agindupean aritu izana. Koreografoak, aldiz, laster alboratu du hip-hopari eta elektroakustikari eman beharreko zeregina, eta ohiko dantzaren eta musikaren bideetara itzuli da, kontuan izan gabe dantzarien gaitasunak mugatuak zirela arlo horretan eta jatorrizko musika entzutekotan nahiago genukeela Roland Petiten balleta ikusi.

Bide horretatik, nolabaiteko dezepzioa hartu dugu azken emaitzarekin, eta emanaldia bukatutakoan txalo zaparrada artean eskertu ditugu dantzariek oparitu diguten akrobazia erakustaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.