Kritika. Dantza

Botanika idorra

Agus Perez.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'Bothanica'

Konpainia: Momix. Sortzea eta zuzendaritza: Moses Pendleton. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 29.

Momix konpainiaren estiloa ezagutzen dutenek —1997tik bost aldiz egon da Arriaga antzokian— badakite irudi ederren erakustaldia dela beren lanetako osagai nagusi eta bakarra, eta Moses Pendleton maisua dela amets-kutsuko eszena figuratiboak sortzen. Xede horretarako, gorputzen arteko ezusteko konbinaketak, eskortzoak eta simetriak baliatzen ditu, elementu eszeniko guztien jariakortasunari berebiziko garrantzia emanez.

Bothanica ikuskizuna naturarekin zerikusia duten elementuen irudikapena da, eta konpainiaren aurreko lanetan bezala, eszena edo koadro solteez egindako segida dirudi. Pendletonen lanak sailkatzerakoan dantzaren erreferentera jotzen dugu gehienbat, baina lehen ekitaldiko zatirik handienean, dantza zeharo desagertu da eszenatik, eta garrantzi handiagoa hartu dute jatorri askotako musika inguratzaileak, atzeko pantailako proiekzioek, argien diseinu perfektuak, dantzarien jantzi irudimentsuek eta eszena ugaritan erabilitako oihal eta tramankulu eszeniko arinek.

Bide horretatik, sortzaileak bere betiko ikuste-efektu miresgarriak erakutsi ditu, elkarren segidan, beraien arteko lotura guztiz azalekoa izan arren. Haietariko batean, adibidez, antzerki beltzaren teknika erabili du, bikain erabili ere, baina eszenak nolabaiteko haur-kutsua eduki du, dinosauroaren eskeletoko pasarteak bezalaxe, eta kontraste arraroa sortu du beste askoren estetika jasoaren aurrean.

Izan ere, Vivaldiren Lau urtaroak musikaren harira egindako eboluzio delikatuak etorri diren arte, ikuste-antzerkiaren arloan geratu da trabatuta lana, eta bazirudien konpainiako kide izateko ez zela beharrezkoa beste munduko dantza heziketarik edukitzea. Hortik aurrera etorritako dantza eszena batzuk, ordea, kementsuak izan dira —erleena, zentauroena, medusarena...— eta beste batzuk —urrezko zuhaitzena, kasu— benetan ederrak, baina, hala ere, ikuste-efektuen zerbitzura egon dira haiek guztiak, sakoneko emozioen sorrera errotik bertatik ezabatuz eta lanaren azken emaitza ikusgarritasun hutsalaren eremu idorrera bideratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.