Kritika. Musika

Brahms barnetik eta Dvorak alde guztietatik

Danil Trifonov pianista. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Danil Trifonov pianista. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Marta Garcia
2026ko abuztuaren 7a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

MAHLER CHAMBER ORCHESTRA

Pianoa: Daniil Trifonov. Zuzendaria: Daniel Harding. Egitaraua: J. Brahmsen Pianorako 1. kontzertua eta A. Dvoraken 8. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 6a

Ernaldi luzea izan zuen Johannes Brahmsen Pianorako 1. kontzertua lanak, eta forma desberdinak hartu zituen garapen prozesuan: pianorako bi sonata eta sinfonia bat sortzekotan ere egon zen; egun ezagutzen dugun eta 1858an aurkeztu zuen partitura amaitu baino lehen. Haren bizitzako unerik latzenetako batean idatzitakoa da, maisu eta lagun izandako Robert Schumann, osasun mentalaren gainbeheraren ondorioz, eroetxe batean hiltzen ikusi eta gero. Maisulan bat da, denera, izaera eta formakuntza desberdina duten zatiak bateratzen dituena, eta bakarlariari teknika fina eta adierazgarritasuna eskatzen dizkiona. Horiek guztiak baditu, noski, Trifonovek. Dotorea da fraseatzean, dinamikak behar den tokian zabaldu eta menderatzen ditu, eta soinu gardena dauka; ez dago tolesturarik haren jardunean, musikaren zerbitzura dago une oro. Hardingen tempo motelek lagundu zioten, nonbait, musikaren hedapen barnerakoi horri, sotiltasunez betetako adagioan, esaterako, baita azken mugimenduaren aztoramen kontrolatuan ere. Trifonovek eskainitako bisek, azkenik, berretsi zuten zeinen piano jotzaile aldeaniztun eta malgua den.

Bigarren zatiak giro arras desberdina zekarren Antonin Dvoraken 8. sinfoniarekin. Orkestra protagonista, Europako talderik onenen artean zergatik dagoen argi geratu zen hasieratik. Soinu trinkoa dute, eta aldi berean oso bereizia, sekzio bakoitzaren berezitasun tinbrikoak errespetatuz batasuna ere lortzen duena. Dvorak 1889ko udan hasi zen sinfonia hau eraikitzen, Vioskan zuen etxean, usoak mezulari bihurtzeko hazten eta trebatzen zituen bitartean. Erosotasun eta betetasun sentsazio horrek musika bera blaitu zuela dirudi, ideia eta melodia ederrez beteta baitago. Orkestrak aiurri hori biziki haragiztatu zuen, zurezko haizeen sekzioan bereziki samur, hariak beti doi eta metalak distiratsu, hasi eta buka. Kontrastez eta sakontasunez betetako errepertorioa izaki, ezin zaio gehiago eskatu lehen programa sinfonikoari, oinazearen eta betetasunaren arteko edertasun ñabardura guztiak parean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA