'LETTERS TO ORDINARY OUTSIDERS'
David Feck britainiarrak zuzendutako bandak 30 urteko ibilbidea bete berri du, eta tarte horretan iraupen luzeko dozena bat disko argitaratu ditu —single, EP eta bildumak zenbatezinak dira—. Halaber, sei urte igaro dira azken lana plazaratu zuenetik, eta gezurra badirudi ere, taldearen orain arteko lan dirdiratsuena azaleratu da Letters to Ordinary Outsiders berrian. Bandak bere ohiko soinua jorratzen badu ere (psikodelia-punk-soul-garage), oraingoan giltza ekoizlea izan da, Sean Read (Dexys), zeinak hala doinuei nola soinuari bestelako dirdira bat erantsi dien. Ondorioz, Comet Gainen obrarik garbiena entzuteko aukera dugu.