'isuskitza'
Konpainia: Busterri Herri Antzerkia. Egilea: Jokin de Pedro. Zuzendaritza: Matxalen de Pedro. Zuzendari laguntzailea: Arantza Lopez Mendezona. Abesbatza: Lirain. Abesbatzaren zuzendaria: Loli Igartua. Jantziak: Ana Larrea, Amaia Garagorri, Cristina Urrestarazu. Eszenografia: Manu Moreno, Jaio de la Puerta, Jesus Serrano. Antzezleak: Plentziako eta Gorlizko herritarrak. Lekua: Plentziako Eleiz plaza. Eguna: Urriaren 4a.Â
Bi urtean behin aurkezten du aspalditik Busterri Herri Antzerkiak bere estreinaldi berria bai Plentzian bai Gorlizen, kasu bietan herriko Eleiz plazan. Euria zegoen iragarrita, eta euritarako prest agertu gara Ortziren aldarte txarrari aurre eginez. Herri-ekinaldia merezi zuen eta!
Adorea behar da, gero, eguerditik aurrera zebilen euri langarraren pean atrezzoa, soinua, harmailak eta Lirain abesbatzarako behar zen guztia atontzeko. Animo handia, gero, antzezle eta figurante bakoitzak bere traje eta soineko dotoreak jantzi eta bertan agertzeko. Fede handia, gero, talde lanaren indarrean, zuztarren alde egin beharreko zereginean, emandako hitzean azken finean.
Eta ordua ailegatu eta euri langarrak berdin jarraitzen zuen, mundu guztia euriagatik axolagabe eta andere bat, fede handiz hura ere, jesarlekuak sikatu guran zebilela. Baina plaza bete da, eta Matxalen de Pedro zuzendariak eskatu digu hamar minutuz itxaroteko ea behingoz atertzen zuen, eta mirariaren ostean etorri da herri-antzerkiaren miraria, berdin-berdin gauzatuko zena zaparrada trumoitsu baten azpian.
Ikusten denez, lerroak eman dizkiot emanaldiaren inguruko egoerari, baina nik uste dut horretan datzala herriaren indarra: geurea dena egingo dugu, otsoen kontra, lukurreriaren kontra, sikatearen kontra, hezetasunaren kontra kasu honetan. Aukera bakarra daukagu, arma eskasak ditugu eta munizio gutxi, baina hemen jarraituko dugu askoren gustukoa ez izan arren, edo horrexegatik beragatik, askoren gustukoa ez izateagatik.
Honezkero, gutxienekoa da Isuszkitza herri-antzezlanak izen bereko lekuaren historia ganoraz eta esanguraz gogora ekarri izana. Gogoratu dezagun bide batez Isuskitza delako inguruari El abanico de Plencia izen patetikoa ezarri ziotela Bilboko diruzale handiek Butroe ibaiaren meandro ederrean ezarri zuten urbanizazio estralurtarrari. Gutxienekoa da, beraz, jantzien dotorezia —batez ere enkanteko erosleetan azkena joan denarena—, gutxienekoa historiaren azalpen argigarria, gutxienekoa abesbatzaren fintasuna eta antzezle-taldearen maila ukaezina, gutxienekoa gaurko irakasle eta ikasleen arteko eszena argigarria. Gutxienekoa, azkenik, dialogo askoren gatz eta piperra. «Dana emon behar jako maite dugun horri» —Lauaxeta gogoan— eta Isuskitza honetan dena eman zaio herri-antzerkiari, herriaren bizkaiera landuari eta historiaren interpretazio eredugarriari. Zapatuan —hilaren 11n— bigarren antzezpena izango da Gorlizen. Emanaldi on!