DA CRUZ
Diotenez, Da Cruzen disko bakar batek Lagoseko komunitate subertsiboetatik Rioko faveletako dantzaldi batera eraman zaitzake, eta handik, Johannesburgoko township bateko topagune batera, bidean Kingstonen eta Londresko klubetan geldialdiak egin ondoren. Bidaia elektro-akustikoa da Angolako kudurotik, Brasilgo baile funkera edota Hego Afrikako amapianotik Karibeko shattara eramango zaituena. Dena, jakina, Brasilgo zenbait herri musikarekin uztartuta.
Bai, zapore ugariko entsalada da talde brasildar-suitzarraren musika, egun munduaren bazterretan ekoizten diren erritmo elektroniko kitzikagarrienetako batzuen uztarketan oinarrituta. Honela laburtu daiteke, baita ere, Som Sistema, taldearen zortzigarren lan luzea den honek proposatzen diguna. Ez genuen gutxiagorik espero.
Mariana Da Cruz brasildarraren ahotsak kantatzen dituen melodiekin batera jaurtitzen dituen hitz gordinak eta Ani H DJ eta ekoizle suitzarraren vintage kutsuko programazioak dira kantu hauen oinarrizko porlana. 2005ean ezagutu zuten elkar, Lisboan, artean bigarrena Swamp Terrorist talde elektro-industrialeko kide zela. Ondoren, 2008an sortu zuten Da Cruz. Urte berean kaleratu zuten haien lehenengo lan luzea; Corpo Electrico, baina Six Degrees diskoetxe estimatuarekin kaleratutako 2011ko Sistema Subversiva izan zen munduko musiken eta elektronikaren zirkuituetan ezagun egin zituena. Honela laburtu zuen Ani H-ek diskoa: «Dantzagarria den album bat egin nahi genuen. Funkya eta elektronikoa den album bat. Da Cruzen musika ez da eguzkitsua, atsegina eta lasaia. Alde afrikarra ere nabarmendua dago, lehenago egin duguna baino askoz gogorragoa. Postal idilikotik urrun dagoen Brasil bat dagoela erakutsi nahi genuen: Brasil moderno, errebelde, ireki eta urbano bat. Albumak alderdi asko eta asko ditu».
Ordutik hona, tinko eutsi diote bide berari; Som Sistema hau da horren seinalerik onena. Hein handi batean klubetako musika beltzen ikuspuntu eguneratua ematen digute, erritmoan behera egiten ez duten sintetizadore, erritmo kutxa eta sekuentziadore vintagez betetako kantuen bidez: Nosso pais, 10 Noites, Choro choro edo Glamorosa izan daitezke adibiderik garbienak, baina ez bakarrak. Gorabehera askorik gabeko diskoa da, dantzarako sortua eta une batzuetan apur bat tantrikoa ere gerta daitekeena. Edergarri gutxi ditu, eta alde horretatik apur bat gordina gerta dakioke horrelako erritmoekin usatua ez dagoenari. Baina, lasai, entzun ahala, kantuek gozora jo ez arren, desagertu egingo da hasierako zakarkeria sentsazioa... Ezetz geratu aulkian eserita!