In perspective
Zuzendaritza eta koreografia: Laida Aldaz. Musika zuzenean: Juanma Urriza. Dantzariak: Stefano Matiello, Clarissa Costagliola, Manon Jacquelin, Maider Gonzalez, Gregory Alliot, Sergio Navarro, Aimar Odriozola, Nagore Tamayo, Carla Escamilla, Saioa Iraizoz, Natalia Belen, Amaia Martínez, Ivan Montero. Zuzendaritza laguntzailea: Bertha Bermudez.
Orta edo norbat dantzan
Ideia: Idoia Zabaleta. Dantzariak: Jone San Martin, Jone Amezaga, Idurre Azkue, Idoia Zabaleta. Musika: DJ Bihotza.
Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan, Tabakalera Dantzan 2025 jaialdia egin dute, abuztuaren 11tik 14ra bitartean. Bi emanaldi ikusteko aukera izan dut: In perspective/Tabakalera eta Orta edo norbat dantzan_pista de baile. Lehenengoa, Laida Aldazek zuzendua; bigarrena, berriz, Idoia Zabaletak. Biak ala biak dantza eta arte bizien alorrean figura esanguratsuak. Aldazek arkitektura eta dantzaren artean zubiak eraiki nahi izan ditu, aldarri argi batekin: dantzari bere lekua aitortzea. Hura edozein izan liteke: teatro eta plazak ez ezik, egunerokoan ibiltzen ditugun txoko oro bihur daiteke dantzaleku. Zabaletaren proposamena ere ideia horri batzen zaiola esan genezake.
Aldazekin jarraituz: hainbat dantzarik eraman gaituzte Tabakalerako eraikin espaziotsuan zehar, ibiltaria izan den emanaldian. Eremu bakoitzean berea egin dute: ezin berdin jokatu eskaileretan, pasilloan... eta espazio fisikoaren elementu guztiak barneratu dituzte koreografian. Hartara, espazioa eta dantza bat dira, ezin bereizi: halaxe baita ikuslearen begietara. Begiradak eszenatoki bat ikusten baitu bere aurrean, eta mugimendua zein gorputza gainjarri besterik ez zaio egiten dagoeneko mugimendua eta gorputza baden arkitektura fisiko bati. Gainera, ikusleak ez du begiratu bakarrik egiten. Teatroan bai: teatroan eseri eta aurrean jartzen diotenari begiratu besterik ezin du egin. Espazio honetan aldiz, gertatzen ari denaren parte da, dantzaren ingurunean baitago eta sortu den horren guztiaren oihartzunak bere gorputza ere hartzen du. Atmosfera hori eragiten biziki laguntzen du zuzeneko musikak: organikoak diren instrumentuak (gorputzetik gertu daudenak) baliatzen baititu geure artean oinez ari den musikariak. Piezaren izenburuari fidel, begiradak ez gaitu abandonatzen: dantzariek guri begiratzen digute, eta begiratuak izatea eskatzen dute, haiek erakusten digute norantz begiratu, nondik... eta ikuspuntu anitz horiek ere sorrarazten dute ibilian egiten dugun espazioa.
Zabaletak Gertrud Stein-ek Isadora Duncani idatzitako poema (Orta edo norbat dantzan/ Orta or One Dancing) dantzarazi du. Duncan dantza garaikidearen aitzindarietako bat izan zen, ballet klasikoaren arauen gainetik jauzi egin zuena. Poemak jauzi hori deskribatu nahi du, eta hartara dantza zer den galderari erantzun. Dantza eta idazketa eta pentsamendua, bereizirik ote? Poetaren idazkera bera mugimendu fluxu bihurtzen da, etengabeko espiral batean kiribiltzen dena. Tabakaleran gaude ia 100 urte geroago, eta lau emakumek buklean errezitatzen dituzte hitzok zurrunbilo horren baitan mugitzen diren artean. Ez ditut lehenago hitzok irakurri, ez ditut, egia esan, hitz batzuk ulertzen. Baina ulertu, ulertzen dut lau emakume horien ile kiribilek esan nahi digutena. Sugeak balira bezala bideratzen gaituzte dantzarako lekura, eta entzungailuak luzatuz argi luzatzen gonbidapena: espazio bat hutsik, uhin elektrikoak belarrietatik bizkar hezurrean barna gorabehera, eta zu, gu. Horrek denak bukatu behar zuen bezalaxe bukatu zen: mugimenduak berea egin zuen, eta denok izan ginen nor.
Bi proposamen, erabat ezberdinak, baina aldi berean antzeko galderen aurrean paratzen gaituztenak: dantza zer? Dantza non? Dantza norentzat?