‘Amanecer cielo alto'
Kontzeptua eta koreografia: Nazario Diaz. Baterako sorkuntza eta performancea: Julian Pacomio, Ibon Salvador, Amparo Badiola. Laguntza dramaturgikoa: Carolina Campos. Argiteriaren diseinua: Leticia Skrycky. Soinuaren diseinua: Ce Pams. Lekua: Errenteriako Lekuona Fabrika. Eguna: Ekainak 8.
Amanecer cielo alto (Goiz alba zeru garaia) ikusi ondoren denetariko iritziak jaso ditut Lekuona Fabrikako atean bertan. Bi muturreko aburu baino ez ditut hemen aipatuko. Ikusle batek esan du guztiz sakona iruditu zaiola, eta arrunt zaila deskodifikatzeko; beste batek, berriz, bere aburuz erraza eta sinplea zela adierazi digu.
Mikelazulora joan gara ezbaian jarraitzeko, eta, han, beste ikusle bati aditu diot ea «teatro» esan ordez ez al zen zuzenagoa hura izendatzeko «proposamen eszeniko» espresioa erabiltzea, eta hori entzun dut, hain justu, antzerkizale, entzun baino lehen Nazario Diazen koreografia «elitista» suerta litekeela.
Ni nago esperimentazioaren, hausnarketaren eta ikerketaren emaitza diren lanak abangoardistak badira, tira, ondo kokatzen garela, baina abangoardistegiak suertatzen baldin bazaizkigu hortxe hasten dela gure ezinegona.
Gainera, nik uste dut horrelako proposamen eszenikoen inguruko eskuorriko azalpenak askotan ez datozela oholtzan gertatuko dena argitzera, eta hainbatetan hobe dela horren berririk ez izatea. Irakurtzen duzunaren eta ulertzen duzunaren arteko arrakala handiegia gertatzen bada, performancea menosteko bidea irekitzen zaizu. Amanecer cielo alto konnotazio handiko obra izaki, deskodifikatu dezakegu sortzaileen obra bera esplikatzeko idatzi dutenari kasu egin gabe, baina demeritua izan gabe.
Oholtzan hiru gorputz; horietako batek kontatu digu adiskide batek esan ziola lainoak baretasuna ekarriko ziola, kontzentrazio moduko zerbait sentituko zuenez munduko tirabirekin ahaztuko zela aldi batean behintzat. Orduantxe hasi da kea eszenatokiko lurrean etzanda zeuden beste bi gorputzak estaltzen. Eta orduantxe hasi gara gu harridurak eta jakin-minak bultzatuta ulertzeko tentsioa sentitzen, gure atentzioari irmo eusten, tauletan gertatzen ari zena ulertzeko, eta, hartara, gure kezka pertsonaletik lekutu gara.
Pertsonaiek, plexiglasezko azkazal luze-luzeak eramateaz gain, begi-globoa zuria dute. Era horretan giza narrastiak dirudite, halaber, estralurtar aztoragarriak edota intsektuak. Asaldagarriak dira haien eskuen dantzak, mugitzeko manerak. Sustantibo solteak ahoskatzen dituzte txandaka, eta ele horiek beren arteko distantzian eta ibilkeran aldaketa ekartzen diete. Horretaz gain, ez dakigu ikusten duten, ala antzezleak itsuan ari diren performatzen. Egia da, halarik ere, lasaitasun harrigarria barreiatzen dela aretoan.
Performanceak aurrera egiten duenean, azkazalak kenduta, gizakiago azaltzen dira pertsonaiak. Hizkuntzaz baliatu dira zer ikusten duten deskribatzeko. Horrela, ikusleok lan bikoitza izan dugu: alde batetik, erreparatu behar genien oholtzan zeuden arizaleei, eta bestetik, irudikatu behar genuen zer ikusten ari ziren. Bi geruza horiek zerikusi gutxi zeukaten, eta horregatik, mezua biderkatzen zitzaigun, ondo biderkatu ere.
Amanecer-ek ekintza eszenikoen deseraikitzean dauka ardatza. Amaitutakoan, egon da «ez zait iritsi» edo «ez dit ezer mugitu» esan duenik. Eta hor hasi gara esplikatzen Amanecer-ek ez duela inoren kontzientzia astintzeko helbururik, baizik eta ekintza performatiboaren zutoinak kolokan jartzekoa. Lainoak lasaitasun espazioan kokatu gaituela denok onartu dugu aho batez. Nola liteke?
Aupa Eztena!