'MIRARI BAT EGUNEAN'
Artista: Nagore Txibite. Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. Noiz arte: ekainaren 13ra arte.
Desplazamenduaren nozioak erakartzen nauen zerbait dauka. Leku batetik bestera mugitzea edota espazio-aldaketa bat erregistratzea baino gehiago, norbera ezagutzeko ariketa ere bilakatzen delako igaroaldia. Prozesu horretan, inguratzen gaituen irudi, hitz edota forma baten inperfekzioarekin identifikatzeak barne-mugimendu txiki bat ekartzeko aukera baitu. Alegia, behatzen dugun horrek baldintzatutako eraldaketa kontzientea gerta daiteke, eta haren eraginpean sortzen den bulkadak zerbait berria ekar dezake.
Hain zuzen, Nagore Txibiteren Mirari bat egunean erakusketak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sario eraikinean, desplazamenduan behatzen dugun horretatik eratorritako tentsioek eraikitzen duten eszenatoki batean kokatzen gaitu. Zehazki, artistak lanerako bidean esperimentatu zuen behaketa prozesuaren emaitza baita bertan ikusiko duguna. Honek erantzun itxiei uko egiten dieten obrak eskaintzen dizkigu, eta hausnarketarako espazio ireki bat proposatzen du.
Ohiko erakusketa espazio zurien neutralitate aseptikotik urrun, Txibiteren piezak bizirik dagoen espazio batean txertatzen dira, norbanakoen joan-etorriek egunero zeharkatzen duten igarobide batean, alegia. Beraz, irudiek dimentsio berezi bat hartzen dute bertan, eguneroko erritmoan agertzen diren heinean ingurua hautemateko modua eraldatzeko aukera ematen dutelako.
Horrenbestez, mostraren muina ez da soilik piezek erakusten dutena, haien aurrean gelditzen direnek zer eraikitzen duten ere garrantzitsua da. Nolabait, hurrengoa planteatzen zaigu: zer sortzen da eguneroko joan-etorrien inertzia hausten denean?
Ezaguna denaren eta ezagutzen ez denaren arteko atalase hori artikulatzeko, artistaren piezek espazio liminalak sortzen dituzte, non memoria, irudimena eta bizipen pertsonalak ehuntzen diren. Hala, espazio eta denbora zehaztugabe batzuetan kokatuta, irudimenaren eta oroitzapenaren arteko eremu anbiguoan kokatzen diren konposizioak sortzen ditu artistak.
Esaterako, Txibitek egituratutako pinturetan, geruza plastiko eta sinbolikoan islatzen da horren bilaketa. Horietako batean, espazio zirkular baten barruan mugitzen diren zaldizko gorrixkak ditugu. Eta, bertan, silueten mugimenduak sumatzen ditugu, inguruko langak euren desplazamenduak mugatzen dituelarik. Irudi horrekin kontrastean, beste pintura batek zeru gris batean aurkezten den hegazti bat bistaratzen digu, zeinak bere hegoen astintzearekin beste pinturaren askatasunik eza iraultzen duen.
Hots, espektralitate hori konplexuago bihurtzen da argazki-konposizioetan, irudiak testuekin uztartzean, obrek zuzenean interpelatzen baitute ikuslea. Izan ere, hitzek ez dute azalpen-izenburu baten funtzioa; aitzitik, kontsigna ironiko gisa jarduten dute. Orduan, testuaren eta irudiaren artean amiltzen den hutsunea osatzera behartzen dute ikuslea.
Tentsio hori bereziki argi agertzen da TO LIVE TO LIVE TO LIVE leloaren bizi-indarra eta EAT SLEEP REPEAT esaldia kontrajartzen dituen piezan. Hitzen artean paisaia bat antzematen da, zaldizko gorri batek zeharkatzen duena. Antzeko zerbait gertatzen da ELIMINA AMBIGÜEDADES / CONVIÉRTETE EN LO ESPECÍFICO esaldia daraman piezan ere. Bi esaldiek kontraesan poetiko baten moduan operatzen dute, eta arestian aipatu dudan barne-mugimendu txiki hori eragiten digute erraietan.
Puntu horretan bertan, argi fluoreszenteen, baldosa simetrikoen eta erakunde akademikoaren produktibitate-logikoaren aurrean, Txibitek irekitzen dituen arrakala poetikoak denboraren aurkako erresistentzia-gune bihurtzen dira. Halatan, intuiziorako, zalantzarako eta interesik gabeko kontenplaziorako premia aldarrikatzen dute. Non oroitzapenez, errepikapenez, desirez eta proiekzioz osatutako beste denbora mota bat eraikitzeko proposamena egiten zaigun.