'Datorren udan ez gara hemen biziko'
Idazlea: Ane Zubeldia Magriña. Argitaletxea: Elkar.
2025eko irailean Elkar argitaletxeak bertan behera uztea erabaki zuela eta, 2024an saritutako proiektua izango da, oraingoz, Igartza bekaren bidez argitaratzen azkena. Ane Zubeldia Magriñaren Datorren udan ez gara hemen biziko narrazio bilduma kaleratu berria da emaitza. Mejillon Tigre hitz esaneko kolektiboko kide da Zubeldia, eta, iaz argitaratutako kontra poema liburuaren ondoren, hauxe du lehenengo narrazio lana.
Sei kontakizunez osatuta dago liburua, denak antzekoak luzerari dagokionez, baina bestelakoak tonu eta giroetan, sakoneko gaietan parekotasunak aurki litezkeen arren. Askotariko ikuspuntu narratiboak baliatzen ditu Zubeldiak ipuinotan, narratzaile lanetarako pertsona gramatikalen sorta oparoa eskainita. Beste horrenbeste gertatzen da denbora narratiboaren aukerekin. Era berean, molde eta tonu narratibo bereizia ematen dio ipuin bakoitzari: estanpa itxurakoen bitartez —bigarren pertsona singularra— egituratzen du Fresno; egunerokoa baliatzen du —lehenengo pertsona singularra— Irautea posible balitz bezala-n; oroitzapen bat txataletan desegiten da Erreka-n —lehenengo pertsona plurala—; ukitu kostunbrista garaikidea du Lika-k —hirugarren pertsona singularra—; poema edo kantu bat da Something something ipuina —hirugarren pertsona plurala—; eta, azkenik, hil hurreneko ahots-grabazioaren tankera hartzen du Edertasuna edo-k —lehenengo pertsona singularra—. Baliabide narratiboetan, eta oro har teknika literarioan, aberatsa da liburua.
Gorago aipatu bezala, hari amankomunik badago ipuinon artean. Denboraren halako kontzientzia edo esplorazioa dago kontakizunetan, malenkonia kutsu batez tindatuta sarritan. Denborak pertsonen gorputzak nola zeharkatzen dituen, nola higatzen duen gizakien azala, nolako lorratza uzten duen giza barrunbeetan. Iraganaren inguruan biratzen dira sei ipuinetatik lau, eta azkenekoan ere, bere orainaldi ankerrean, etorkizuna iraganetik —kantu zaharrak maite dituen protagonista horren hondakinetatik— erneko den esperantza du Ibonek. Nondik nora sortu den gaur garen hau, edo gure arteko hauek, balirudike hori galdetzen diola idazleak bere buruari. Gaiak nolakoak, halakoak dira ipuinak ere, iheskorrak, irreal samarrak batzuetan, esperoezinak gehienetan. Gauza errealez dihardute, baina.
Aipagarria da idazleak alderdi formala nola darabilen. Batik bat, azpimarragarriak dira bigarren ipuinean hartutako erabakiak —argazkiekin egindakoa, kasurako—, baita Something something narrazioan ere. Estiloaren eta tonuaren aldetik, berriz, ipuin bakoitzean giro oso bat sortzea lortzen du, nahiz eta egitura anaforiko zenbaiten gehiegizko erabilera egiten duen prosa poetikora lerratzen den pasarte batzuetan. Arriskatu egiten duen idazlea baita Ane Zubeldia Magriña. Arriskatzeko ausardia behar da, eta grina literarioa. Formaren erabilera bizi eta zolia dago Datorren urtean ez gara hemen biziko liburuan. Eta horrelakoak ez dira horren ohikoak gurean.