KRITIKA. Gasteizko 43. Jazzaldia

Detroiteko erregina

2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Regina Carter eta Gregory Porter

Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailak 18.

Dudarik gabe, Regina Carterren biolina bere gorputzaren luzapen bihurtu da. Detroiteko musikariak genero ugari menderatzen ditu tresna horrekin; osteguneko kontzertuan, Carterrek Squatty Roo jazz estandar tradizionaletik Mandingo Street-en soinu afrikar garaikideetarainoko bidea egin zuen. I'll Never Be Free-rekin eta Astor Piazzolaren Oblivion konposizioarekin, argi geratu zen biolin jotzaileak trebezia duela musikari ñabardura argiak edo ilunak emateko. Argi geratu zen, gainera, taldearekin zeukan kimika ona —Chris Lightcap baxulariarekin batez ere—, nahiz eta Adam Birnbaumek pertsonalitate edo karisma pixka bat faltan izan zuen pianoan, nire iritziz. Carterren trebezia askotarikoak nahikoa ez, eta Mandingo Street bere ahots ederrarekin dotoretu zuen. Errepertorioa osatzeko, Nat King Cole ospetsuak grabatutako When I Grow Too Old to Dream oparitu zigun. Ez zen falta izan Katrina urakanaren biktimen omenezko konposizio bat: New for Nawlins izenekoa —Nawlins esaten diote New Orleansi bertakoek—. Gaur egungo jazz eszenan edozer egin dezakeela erakutsi zuen Carterrek.

Nola liluratu Mendizorrotza

Gregory Porterren ospeak —bi Grammy irabaziak ditu— maila handiko emanaldia ziurtatzen du, eta herenegun ez zuen hutsik egin. Kiroldegia hasieratik bete zuen bere baritono ahotsarekin, Holding On ezagunarekin. Dudarik gabe, abeslariak badaki nola egin sarrera harrigarri bat: jantzi arrosa argiarekin, agertokian distira egiten zuen. On My Way To Harlem edo Take Me To The Alley moduko abestietan, jende behartsu eta baztertuarentzako mezuak kantatu zituen. Ez ziren falta izan Liquid Spirit albumeko Hey Laura eta Clap Your Hands Now. Gospel eta soul doinuak batzeko ahalmena erakutsi zuen Porterrek, bereziki Mona Lisa abesti erromantikoan. Sacramentoko abeslariak eta bere musikariek txundituta utzi gintuzten, eta Quizás, quizás, quizás ezaguna ere errepertorioan sartu izana Gasteizko ikusleen gustukoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.