Testua eta ilustrazioak: Tatsu Nagata.
Itzultzailea: Aztiri.
Argitaletxea: Ttarttalo.
Liburu bitxia, jostalaria irudietan eta animalia zalea bihotzean. Halatsu definitu ohi dituzte Nagata jaunaren obra bakoitza eta guztiak.
Euskaratu berri duten hau edizio handian dator (27x19 cm), 192 orrialde, testuz urria, maiz bi orrialdeak hartzen dituzten ilustrazio ikusgarriekin.
Dibulgazio asmoa duen lan honetan zazpi animaliaren deskribapena egiten da, Nagata ikertzailearen laguntzarekin: balea, krokodiloa, gorila, hartza, otsoa, lehoia, marrazoa. Animalion ezaugarri nabarmenenak esaldi sotiletan adierazita agertzen dira, irudien bidez txisteak eginez, maiz Nagataren lepotik.
Obraren luzerak kontrakoa iradoki lezakeen arren, lau-bost urtetik aurrerako edonork irakur lezakeen obra da.
Liburuaren egilea eta haren obra misterio handia dira. Ur lehortarren mutazioan munduko aditu nagusia izanik, harrigarria da frantsesa ez den beste hizkuntzetan ez argitaratzea, ez baitauka ezer kaleratuta gainerako hizkuntza handietan, ezta japonieraz ere. Esku artean dugun hau euskarara ekarritako lehen obra da, ez da gutxi aurrekariak jakinda.
Norbaitek jakin nahiko balu zer edo nor ezkutatzen den misterio honen atzean, jarrai dezala Nagatak Europan duen «kontaktua», Thierry Dedieu ilustratzaile frantsesa, bera baita ziurrenera galdera guztien erantzuna.
Bide batez, gogora dezagun Dedieuren lan bat dugula euskaraz: Yakouba (Ikas, 2008).
Haur eta gazte literatura. 'TATSU NAGATAREN PIZTIA HANDIAK'
Dibulgazioa haurrentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu