Kritika-Artea

Elkarrekin egoteko moduak birpentsatzeko zenbait gako

Marlene McCartyren erakusketa, Donostiako Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU
Marlene McCartyren erakusketa, Donostiako Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU
2025eko azaroaren 4a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

MARLENE MCCARTY

Erakusketa: Sasi guztien gainetik.

Non: Donostiako Tabakaleran.

Noiz arte: 2026ko otsailaren 1era arte. 

Ez dut atsegin inaugurazioetara joatea. Erakusketa taxuz ikusteko arazoak egoten dira, eta jendea erruz izaten da; erakusketak ikusteko egunak baino gehiago, gure espezie berekoekin sozializatzeko egunak izaten dira. Baina bertaratzen ez naizen arren, batzuetan, telematikoki loturaren bat izaten dut: tarteka, whatsappera argazkiren bat iristen zait, eta nire jakin-nahia martxan jartzen da. Hala gertatu zitzaidan Tabakaleran ikusgai jarri duten Marlene McCarty artistaren Sasi guztien gainetik izeneko banakako erakusketarekin —Maite Garbaio-Maeztuk komisariaturikoa—.

Izenburutik beretik hasita piztu zuen nire arreta erakusketak: euskara hutsekoa da; gaztelerarako itzulpenik gabea; egun, oso ohikoa ez dena. Beraz, zalantzarik gabe, euskal testuingurua presente zuen erakusketa zen, baina, era berean, protagonistatzat emakumezko artista amerikar bat zuen. Gainera, itxura guztiz, ikuspegi feminista batetik proposatutako ekoizpena ere izango zen, Garbaio-Maezturen ikerketa ildoak ezagututa. Eta pieza horiek guztiek nire jakin-nahia are gehiago elikatu zuten.

Bertaratuta, lehen ustekabekoak erakusketaren kokalekua eta tamaina izan ziren. Tabakalerako jardute modu nagusia paraleloan bi erakusketa izatea da: bata, espazio txikiagoko aretoan, 2 zenbakiarekin identifikatzen dena; eta bestea, normalean erakusketa nagusia izan ohi dena, harrera espazio batek erditik banatzen dituen bi espazio luzez osatutakoa izan ohi da. Oraingoan, ordea, hiru erakusketa daude batera: espazio txikikoaz gain, handiaren hegal bakoitzean beste bat dago; horietako batean, McCartyrena. Eta ustekabeko hau benetan positiboa izan zen, instituzioaren proposamenei freskotasuna eskaintzen die eta, espazio aldetik eraldaketa handirik izaten ez duen aretoari hain zuzen: beti zuri, beti luze. Mugimenduak erakusketetara beste gorpuzkera batekin —abegikorragoa agian— sartzea ere badakar.

Hala, espaziora daraman pasilloan barneratzearekin batera, mostrako lehen artelanarekin topo egiten du bisitariak aurrez aurre. Ez du beste aukerarik. HUG ME (2006) izenekoa da, grafito eta boligrafoz egindako tamaina handiko marrazkia, non altuera bereko orangutan kume bat eta haur bat aurrez aurre agertzen diren, bata bestearen ispilua izango balitz bezala. Orangutana bisitariari begira agertzen da, eta bisitariak begirada itzuli besterik ezin du egin. Gorputz atal batzuk dituzte akuarelaz azpimarraturik: orangutanak bere azal iletsu eta biluzia; haurrak, gainetik jantzia duen eta gorputz-azala estaltzen dion oihala. Gizarte patriarkalak mendeetan zehar sinetsarazi dizkigun ezberdintasunak dituzte azpimarraturik hala: bataren ustezko izaera basatia eta bestearen balizko zibilizazioa.

Eta lan honetatik aurrera, erakusketa osatzen duten beste marrazki eta instalazioek ideia horietan sakontzen eta arakatzen jarraitzen dute, erpin ezberdinetatik. Hor haren aberastasuna. Ustezko egia zientifikotzat eman izan diguten natura eta gizartearen arteko banaketa —lehena bigarrenaren mendekoa dela ulertaraziz— jartzen du kolokan erakusketak, (bereziki) emakumezkook mende luzeetan landareekiko izan dugun ezagutzari eta berrikiago hainbat emakumezko zientzialarik animaliekin (bereziki primateekin) egindako ekarpenei eskutik helduz.

Ustezko egia zientifikotzat eman izan diguten natura eta gizartearen arteko banaketa —lehena bigarrenaren mendekoa dela ulertaraziz— jartzen du kolokan erakusketak

Erakusketarako, McCartyk hainbat lan berri egin ditu, eta horien bidez ekarri du bere ikuspegia lur hauetara; mostraren tesia zerbait amerikarra ez dela agerrarazita, baizik eta hemen ere (mendebaldeko herrialdea izanik) gertatutakoa. Sasi guztien gainetik izenburuaren pean, inguruko hainbat landare bildu ditu —asko ugalkortasunaren kontrolari loturikoak—, baita euskal gizarte kolonial eta patriarkalaren zenbait ikono ere, naturak ia irentsita aurkeztuta, nahiz hauek ez egon hain begien bistan —ezaugarri patriarkalek beti izan dute ezkutatzeko gaitasuna—. Beraz, artistaren lanetan, ezagutza prozesu guztietan bezala, geruzaz geruza, detailez detaile murgildu beharra dago, haren lanen ikonografia eta konplexutasun guztira heltzeko.

Marlene McCartyren erakusketa
Marlene McCartyren erakusketan ikusgai dauden lanetako bat. MAIALEN ANDRES / FOKU

Mostrak inguruko beste bizidunekin sozializatzeko aukera berriak eskaintzen ditu, patriarkatuak eskainitako moduen gabeziak azaleratuta; atzera begiratzeko proposamena eginez, aurretik izandako ezagutzak bereganatu eta aurrera jotzeko. Izan ere, erakusketatik ateratzerakoan aurrez aurre topatzen den HUG ME AGAIN (2006) marrazkiko akuarela pintzelkadek iradokitzen duten moduan, beste bizidunekiko ditugun antzekotasunak eta elkartzen gaituzten lokarriak sendoagoak dira elkarren aurka jartzen gaituztenak baino; betiere, gure begiradak eta gorputzak nola birkokatu ulertuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.