M.A.P. + Gasteizko Udal Banda eta Danilo Perez, Cohen, Potter Quintet
Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 17.Gaur egun, trebeziarik handiena duen hirukotea osatzen dute M.A.P. taldeko Ernesto Aurignac saxofoi jotzaileak, Marco Mezquida pianistak eta Ramon Prats bateria-jotzaileak. Ezbairik gabe, beren instrumentuak ezagutzen dituzte hirurek, birtuosismo handia erakutsi baitzuten herenegun Gasteizko Jazzaldian, Mendizorrotzako emanaldian. Gasteizko Udal Bandarekin batera aritu zen hirukotea, eta, hasieran nahasketaren arrakastaz zalantza izan banuen ere, kontzertuak aurrera egin ahala zentzua hartu zuen M.A.P. taldearen eta bandaren arteko elkarrizketak.
Aurignac saxofoi jotzaileak egindako moldaketei esker, musika tresnekin bakar-saio ikaragarriak egin zituen hirukoteak, Gasteizko Udal Bandaren soinuarekin musikaren sentsazioa areagotuz. Bukatzeko, Pratsen konposizio bat aurkeztu zuten, U izenekoa. Oso pieza interesgarria da: idatzi zutenean, arrakasta emango ziela aurreikusi zuten taldekideek, eta, ezbairik gabe, hala izan zen. Amaiera ederra egin zuten U piezarekin eta, batez ere, Aurignacek saxofoiarekin erakutsitako trebeziarekin.
Perez, Cohen, Potter Quintet
Egun, bizi garen munduan, eskertzekoa da jazzaren eremuan ere diskriminazioaren aurkako mezuak jasotzea. Horixe egin zuen Danilo Perez panamarrak herenegun, emakumeen botereari eskainitako konposizioekin. Toni Morrison idazle afro-amerikarrari eskaini zioten lehena, haren Beloved eleberriaren izen bera duena. Kiroldegi osoa txundituta utzi zuen Larry Grenadiek kontrabaxuarekin, eta berdin Avishai Cohenek tronpeta doinuekin. Zora Neale Hurston idazle afro-amerikarrari Tea Cake eskaini zion Chris Potter saxo jotzaileak, segidan. Nabari zen Jonathan Blake bateriak zela boskotearen gidari, erritmoa hezurretan sartuta baitu. Hirugarren zatian, Cohenek idatzitako Innovation Africa abestiarekin, bateriaren nagusitasuna nabaritu zen, eta txindatekin Afrikako gaueko haizearen soinuak iradoki zituen. Saxoaren bakar-saio luzea txundigarria izan zen.
Lament for Jojo konposizioarekin jarraitu zuten; eleberri batean agertzen den 11 urteko mutiko bati eskainitako kantua da, eta Potterrek interpretatu zuen. Tamalez, Gasteizko ikusleak kiroldegitik ihesi hasi ziren orduagatik: emanaldia bukatu aurretik alde egiten duen entzuleria baino gauza okerragorik ez dago.
Emakume idazleei eskainitako hiru konposizio gehiago jo zituzten: Zelda Schneurson Mishkovsky poeta israeldarrari The Departure eskaini zioten; Alternate Reality Angela Davisi; eta, azkenik, And Still I Rise Maya Angelouri, I Know Why the Caged Bird Sings poemaren idazleari. Teknika oso ona erakutsi zuen boskoteak, eta baita sentimenduak helarazteko gaitasuna ere.