Erromantiko goiztiarraren muina

Marta Garcia
2025eko abuztuaren 26a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

LES CONCERT DES NATIONS

Zuzendaria: Jordi Savall. Abesbatza: Kataluniako Kapera Nazionala. Bakarlariak: Sara Mingardo (mezzosopranoa), Ilker Arcayurek (tenorra), Matthias Winckhler eta Arttu Kataja (baritonoak). Egitaraua: F. Mendelssohnen hirugarren sinfonia eta Walpurgisen lehen gaua. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 24a.

Badira pertsonak keinu handirik egin gabe ere auditorium osoan begirune sentimendua zabaldu dezaketenak. Jordi Savall da horietako bat, Kursaaleko taulara sartu bezain pronto ibilbide oparoa estimatzen ari zen txalo zaparrada piztu zuena. Eta hala behar du, bizitza osoa galdutako musikak berreskuratzen eta gazteen formakuntzan konprometitua eman duen musikari aparta aurrean izanda, eta 84 urterekin ere oraindik horretan dabilena. Luxua izan zen, hortaz, Felix Mendelssohnen musika haren esanetara entzun ahal izatea.

Lehen zatian, konpositore alemaniarraren hirugarren sinfonia entzun zen, Eskozian zehar egindako bidaia batek iradokitakoaren gainean idatzita. Edinburgoko Holyrood jauregiko kaperaren hondakinak bisitatu ostean, honakoa helarazi zion eskutitzez bere familiari: «Belarra eta huntza ugari hazten da bertan, baita Eskoziako Maria erregina koroatu zuten aldare apurtuan ere. Dena birrinduta dago, pipiak jota, eta zeru alaiak dirdai egiten du barruan. Uste dut han aurkitu nuela nire sinfonia eskoziarraren hasiera». Bidaiak eta hondakinak dira, hain zuzen, artista erromantikoak kitzikatzen zituzten bi giltzarri. Horra hor hazia; fruitua, lau mugimenduetan paisaia desberdinak marrazten dituen musika, bide berriak irekitzen saiatzen ari zen artista baten eskutik. Interpretazioan, dinamika erromantikoek instrumentu historikoen soinu ederra zertxobait ezkutatu zuen eta, hala ere, distiraz bete zuten partitura.

Walpurgisen lehen gaua izan zen gero, magiak eta druidek udaberriko gaua betetzen duten unea deskribatzen duen Johann Wolfgang von Goetheren testuari musika jartzen diona. Kantata sekular honetan agerian geratu zen zer-nolako formakuntza lan bikaina ari diren egiten abesbatzarekin. Soinu ederra dute sekzio guztiek, altoenak bereziki samur, proiekzio handiz pasarte indartsuenak zein xuxurla biziak haragiztatzeko gai. Bakarlarien artean, nabarmen Winckhlerren ahots borobila eta Arcayureken ahoskera bikaina. Guretzat izan zen gozamena, eta Savallentzat behar du ohorea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.