Kritika. Artea

Erronkariko borlen arrastoak

Leyre Arraizaren erakusketako piezetako bat, Iruñeko Ziudadelan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Leyre Arraizaren erakusketako piezetako bat, Iruñeko Ziudadelan. IDOIA ZABALETA / FOKU
2026ko maiatzaren 12a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Muskoko'

Artista: Leyre Arraiza. Non: Iruñeko Ziudadelan. Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Ziudadelako Labearen forma zirkularrak espazioan desplazatzeko esperientzia eraldatzen duela sentitzen dut bertaratzen naizen bakoitzean. Erakusketa tradizionalen ibilbide linealetatik at, eszenatoki batean kokatzen nauela iruditzen zait; nire mugimendua, pieza batera edo bestera gerturatzen naizen bitartean, erakusketaren parte bihurtzen delako modu aktiboan. Hori da Leyre Arraizak ondu duen Muskoko izeneko erakusketan esperimentatu nuena.

Bertan, eraikinaren zirkunferentziaren ertzetatik, erditik edo alboetatik desplazatzen naizen heinean, agerikoa da erakusketaren piezen arteko interrelazioak sortzen duen ehuna. Halatan, gozagarria da lehen aipatutako eszenatoki horretan arnasten den osotasuna.

Erakusketak Erronkariko jantzi tradizionalaren elementu berezi bat du abiapuntu: muskokoa. Emakumeen jantziaren parte jakin bat da hori, zehazki mantelinean kokatzen dena, eta horrekin burua estaltzean erdialdea markatzeko funtzioa duena. Garai batean, ispilurik ez zegoenean, jantzia zuzen kokatzeko erreferentzia gisa erabiltzen zen, esaterako.

Eraikinera sartzean, erakusketaren esku-orria eskuratzean, artistak eszenatoki horren nolabaiteko gidoia irakurtzeko gonbita egiten digu. Bertan, Arraizak idatzitako testu poetiko bat ageri da, zeinetan bere bizipenetatik abiatuta bai jantziarekin bai bere sormen prozesuarekin dituen erlazioen inguruko hausnarketa proposatzen duen. Hala, artistak eskulturagintzarekin eta lekukotasunak baldintzatutako ezaugarri kulturalekin duen harremana azaleratzen digu, jarraian ikusiko dugun horren aurrekari baten eran. 

Jatorrizko malgutasunetik zuraren sendotasunerako trantsizio hori espazioa eraldatzen duten zurezko xafletan ikus daiteke. Haietan, muskokoaren presentzia iradokitzen duten hutsuneak ageri dira, eta hutsune horien bidez Arraizak arkitektura berriak eraikitzen ditu. Elementu desberdinak uztartuz, muskokoak adierazten duen zentralitatearekin jolasten duten egiturak sortzen ditu, espazioaren antolaketa eta pertzepzioa berrasmatuz.

Zentzu horretan, rol zentrala hartzen du berak Erronkariko jantzi tradizionalarekin duen erlazioak. Janzkeraren atzean dagoen prozesu erritualari egiten diolako erreferentzia, «arroparen, apaingarrien eta laztanen bidez gorputzak zaintzeko» deia eginez, hori baita bere piezen bitartez azaldu nahi duena: «Espazioarekin dantzatzeko erritu bat».

Erritual horren parte dira, halaber, zoruan zehar material desberdinez osatutako pieza zirkularrak. Batzuk zurezko xaflek galdu dituzten zirkunferentzia hutsen arrasto fisikoak dira; beste batzuk, ordea, oihalen ezaugarriak simulatzen dituzten gainazalek osatzen dituzte, memoria edo arrasto bat ezkutatuko balute bezala. Pieza horien barnean landareak ere badira, bai eta Erronkariko janzkera tradizionalaz jantzitako emakume baten argazkiak biltzen dituen oihal tolestua ere; berriz ere, memoria-zatiak biltzen dituen elementu eskultorikoa dela agerian utziz.

Hala, formarekin batera, materialak ere nortasun bat bereganatzen du, hain zuzen artistak erreferentziatzat hartzen duen hori: gorputzaren fisionomiarekin batera, lekukotasunak baldintzatutako memoriak ere gorputz horiek moldatzen dituela, alegia. Labearen zirkunferentziaren barruan, Erronkariko memoriak Arraizaren piezen materialtasunean hartzen du bizia. Moduren batean, bertan murgildu eta desplazatzen garen bitartean, mostrari zentraltasuna ematen dion elementu horretan bihurtzen gara. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA