‘Violencia’
Egilea: Fran Kranz. Egokitzapena, zuzendaritza: Diego Garrido Sanz. Antzezleak: Cecilia Freire, Diego Garrido Sanz, Jorge Kent, Ignacio Mateos, Esther Ortega. Argiak: David Picazo. Jantziak: Conchi Espejo. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Maiatzak 21.
Demagun bi familia normal, arrunt, ohiko direla; demagun gurasoek heziketa zuzena, antza, eman dietela seme-alabei; demagun, zer dela-eta ez dakigula, sendi horietako baten seme nerabeak bestearena erailtzen duela institutuan, modu oso bortitzean, gainera. Demagun sei urte pasatu direla, eta biktimarioaren eta biktimaren aita-amak hitz egiteko elkartzen direla. Lehenbizikoak dena kontatzeko prest daude; bigarrenek, berriz, jakin nahi dute zer gertatu zen, zergatik ez zuen inork aurreikusi bidean zetorren sarraskia. Borondate onekoak ditugu heldu guztiak, justizia errestauratiboaren oinarrizko printzipioa bete nahi dutela dakusagu: egia ezagutzea ezinbesteko baldintza dugu aurrera jarraitzeko.Â
Orain arteko laburpentxoa duzue Donostiako Zinemaldiko Gazteriaren TCM saria eraman zuen Fran Kranzen Mass (2021) filmaren gidoiaren eta obra horretan oinarritutako Violencia (Bortizkeria) tituluko egokitzapen teatral borobilarena, zeinetan testuak ez daukan soberazko esaldirik eta guztiz egiatia den. Era horretan, Violencia-n planteatzen diren kontzientzia txarrak, desenkusatzeek eta zalantzek hasieratik beretu zuten besaulki patioko ikusle guztien arreta, guraso izan ala ez.Â
Elkarrizketa dugu antzezlanaren muina, eta lau aktoreren antzezpen zoragarria da haren sostengua. Denbora gehiena mahai baten inguruan eserita ikusiko ditugu hizketan, eta, XIX. mendeko teatro naturalistaren bidetik, publikoa ahaztearen ideia irudikatuko dute. Horrela, gu zelatari, espioi, lekuko mutu bihurtuko gaituzte laugarren paretaren beste aldean, animoa goibeltzen zaigun bitartean. Zeren guk, azken finean, zer iritziri eutsi ez dakigu, obra gu ziurgabetasunean murgiltzeko diseinatuta baitago, ondo diseinatuta ere.Â
Eszenografian iluntasuna nagusitzen da; eszenatokiaren biluztasunaren belztasuna, fokuen indar gutxiko argiarekin. Zeremonia kutsua du dramaturgiaren aldeko apustu horrek, erritual batena, non memoria, mina, errua eta barkamena abian jarriko diren; funtsean, justizia errestauratiboaren osagaiak. Isiltasunak ditugu antzezlanaren tentsioa biltzen duten tarte guztiz interesgarriak. Bukaera aldean, haurraren presentzia ez zaigu egokia iruditu, sentimentaltasun merkeari atea ireki ziezaiokeelakoan, baina ulertu dugu koda txiki bezain esanguratsua ahalbidetzeko erabili duela zuzendariak.
Gidoiak 1999an AEBetako Columbine udalerriko institutukoa bezalako sarraski bat dauka erreferentetzat, baina egokitzapenaren kalitate onari esker, ez gara estatubatuarren orbitan kokatu; kontrara, oso gertukoa sentitu dugu entzuten ari ginena, guraso izan ala ez.Â
Amaian, tristuraren zama gainditu ostean, publikoa biziki eskertuta zutitu da antzezleak txalotzeko. Pentsa, 24 ordu pasatu dira, eta ez zait kezka gainetik kentzen. Teatroaz haratago doan teatroa izan da, bai, bumeran baten modukoa.