Kritika. Musika

Ethio-jazzaren ameslaria

Mulatu
2025eko urriaren 19a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

mulatu astatke

'Mulatu Plays Mulatu'

Diskoetxea: Strut

Jim Jarmusch zinemagileak Broken Flowers (2005) filmean agertzen den Bill Murray aktorearen joan-etorriak Mulatu Astatke jazz musikari etiopiarraren soinuekin janztea bururatu zitzaionetik, zale asko, tartean ni neu, ethio-jazzaren zale amorratuak bilakatu ginen.

Hala, Afrikako ipar-ekialdeko haizeak bultzatuta, Ethiopiques bilduma sail luzean ere murgildu ginen, Mulaturen garaiko beste hainbat musikari ere ezagutzeko asmoz, tartean, Alemayehu Eshete, Asnaketch Worku, Mahmoud Ahmed eta Tilahun Gessesse. Euskal Herrira ere zabaldu zen izurria, eta, ondorioz, Astatke birritan ikusteko aukera izan genuen: 2011n, Elorrioko elizaren atarian, eta 2022an, Donostiako Zurriola hondartzan, Donostiako Jazzaldiaren barruan —jazz jaialdiaren saria ere jaso zuen urte hartan—.

«Nire ibilbidea ez da erraza izan, inoiz ez da erraza izan. Hasieran zaila izan zen horrelako musika zabaltzea, baina gero eskarmentu handiagoa izan genuen», esan zuen Donostian saria jasotzerakoan.

Bada, ibilbide hori Londresen eta New Yorken hasi zuen 60ko urteetan; bertan ikasi zuen musika, eta bere lehenengo diskoak AEBetako eta Puerto Ricoko musikariekin grabatu zituen, jazza eta Afrikako tradizioa uztartuz, bai eta zertzelada latindarrak txertatuz ere.

Bibrafono jotzaile bikaina izateaz gain, orkestra zuzendaria, konpositorea eta perkusionista ere bada. Horretaz gainera, teklatuak ere menderatzen ditu. Bada, 81 urte dituela, Strut diskoetxearen bitartez iragarri du Mulatu Plays Mulatu bere azken grabazioa izango dela.

Diskoa Londres eta Adis Abeba hirietan grabatu du Astatkek, musikari britainiarrez osatutako bere ohiko kuadrillarekin eta Etiopiako hiriburuko Jazz Village klubeko musikariekin. Ingalaterrako saioak Isabel Gracefieldek ekoitzi ditu, eta Afrikakoak, Astatkeren musikan aditua den Dexter Storyk.

Etiopiako musikak grabatutako azken hats honek bere ibilbideko hainbat kanturen moldaketak biltzen ditu. Guztira 11 doinu dira, asko eta asko zaleontzat ezagunak eta bere ibilbidean funtsezkoak izan direnak. Halere, Astatke musikari liluragarria den aldetik, jakin du kantuok gordinki berrinterpretatzen, moldaketa, inprobisazio eta konplexutasun erritmiko korapilatsuak tarteko. Ondoan izan dituen musikarien eta kabinan izan dituen ekoizleen ekarpena ere nabarmena da.

Grabazioko une bat nabarmentzearren, Motherland Intro aipatuko dugu, zeinetan pianoak eta sokek lekua uzten dioten jarraian datorren Motherland-i, edo 007 filmen soinu bandari keinu egiten dion The Way To Nice. Azpimarratutakoak bi bitxikeria dira Ethiopiques sailaren 4. bolumenean jasotako klasikoen moldaketekin alderatuta, besteak beste, Yèkèrmo Sèw eta Nètsanèt: lehenengoan ukitu latindarrak azaleratzen dira, eta bigarrenean bibrafonoa gailentzen da.

Finean, Mulatuk ethio-jazz etiketarekin sailkatu den musika gainditzen jakin du, nahiz eta bera izan estiloaren sortzailea, publiko zabalarengana iristeko eta guztiak hordituta uzteko bere erritmo sigi-sagatsu, hipnotiko eta exotikoen bidez. Grabaziora gerturatuko den nornahi sorginduko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.