'etxea'
Testua: Iñaki Cid Larrea. Zuzendaritza: Jon Ander Alonso. Antzezleak: Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegi, Iñaki Cid. Argiak: Iñaki Santos. Lekua: Hiriburuko La Perle aretoa. Eguna: urtarrilak 18.
Hiriburura (Lapurdi) iristen ari garelarik, atentzioa eman digu zenbat etxebizitza, etxe, etxetxo, apartamentu, apartamentutxo berri dauden, antza, eraiki berriak, basque style, neo basque, euskal baserrien estilo estilizatu eta moderno klasiko lapurtarrean. Egia esan, paisaia urbano homogeneizatu honetan ez dakit Hiriburuko La Perle aretotik gertu gauden ala Hendaiako Mendi Zolan antzokiaren inguruan. Hala eta guztiz ere, bizileku anitz, bai, baina...
Amahiru konpainiaren Etxea ikustera goazenez, ezin dugu irudikatu auzo hobeagorik etxebizitzaren arazoaz mintzatuko den ikusgarri baten lekukoak izateko. Gaur estreinaldia; informazio gutxi baino ez daukagu, eta jakin-minez gaude. Badakigu Geuretik sortuak programan egoiliar egon direla herrian eta antzezlanak bertan hartu duela inspirazioa. Zer idatzi digu oraingo honetan Iñaki Cidek?
Atean eskuorria banatu digute, Etxealista agentziako propagandaren eskuorria da. Arratsaldea umoretsu hasi zaigu eta hala jarraituko dugu Amahiru troparen eskutik. Gaiak badu mamia, eta hortxe daude protagonistak kexu eta kexa, eta ikusleak, berriz, irriñoz eta barrez. Hasiera zoroa izan da, hiru antzezleak eszenatokia zeharkatzean Etxealista horren iragarkiak oihukatu dizkigute, etengabeko zurrunbiloan, metro karratuak eta prezio zoroak zaparradan gure belarrietan. Etxebizitza lortzea? Loteria bat dela adierazi digute.
Sarrera horren ondoren istorioaren hasiera izan dugu: Peio izeneko gazteak egun berean galtzen ditu lana, mutil laguna eta amaren pisuan bizitzeko aukera. Gauzak horrela, agentziaz agentzia arituko da. Bereziki barregarria suertatu zaigu jesarlekuen artean gauzatu duten apartamentuen bisita.
Publiko gehiena gazte helduak edo heldu gazteak dira, eta ondo ezagutzen dute oholtzan irudikatzen ari zaizkiguna: non geratu da, prestakuntza hobeagokoak izanda, gurasoak baino hobeto biziko zirelako ustea, promesa hori? Peio bezala, pisu konpartituan biziko dira.
Erritmo biziak ez du atsedenik, umorea adimentsua da. Egileari pista jarraitzen diogu eta badu antzerki afizioa, baina, batez ere, antzerki testuak sortzeko ofizioa dauka azpimarratzekoa. Nik esango nuke komedia onetako iturritik edaten duela Cidek. Klasikoetatik Billy Wilder, Woody Allen, Mel Brooks, Dario Fo; eta modernoetan, Nora Ephron, Greta Gerwing eta Tina Fey-ren estiloa ekartzen dit gogora haren planteamendu zaluak. Testuaren bertuteei gehitu behar zaie Amahirukoen oholtzaratzerako planteamendua: antzezpen jostalarian oinarritutako aurpegierak, eta mugimendu zein ahotsen proiekzioa eskaini dizkigute, ondo eskaini ere. Batzuetan sudur gorri gabeko clownak ziruditen, gure plazererako. Atrezzo mailan asmazio ona izan da mihiseen eta etxea irudikatzeko hainbat hiriburutarrek utzitako altzairuen erabilera. Musikarekin eta argiarekin jolasean ibili dira eszena eta denbora jauzien artean.
Ti-ta batean amaieran geunden, eta ez da gaia sinpletasunez landu digutelako, ez, ez. Aurrekontu handiagoa izango balute zer ez liguketen eskainiko pentsatuz irten naiz aretotik. Pozik atera naiz, eta kantatzen hasi: maitiak galdegin zautan premu banintzanez... (bukatu zuek abestia).