KRITIKA. dFeria

Etxetxoriak eta maitale gazteak

Taxidermia de un gorrión. DAVID RUIZ.
Agus Perez.
2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
'Taxidermia de un gorrión' eta 'À la renverse'

Lekuak: Intxaurrondoko Kultur Etxea eta Tabakalera (Donostia).Data: Martxoak 8.

Etxetxori baten taxidermia ekarri du eszenara Euskal Herriko Kulunka taldeak Fernando Soto madrildarraren zuzendaritzapean. Taxidermia de un gorrión izenburuak bere esangura hartzen du jakitean Edith Piaf frantziar abeslariari Parisko etxetxoria izan zitekeen ezizena eman ziotela.

Antzezlan zoragarri honetan hainbat alde ditugu nabarmentzeko, eta haietariko lehena testuaren kalitatea da. Ozkar (sic) Galanen planteamenduan Camile Schultz izeneko kazetari beterano batek funtsezko elkarrizketa bat egin behar dio jainkosa bihurtutako kantariari, eta egoera horrek aukera ona sortuko du Piafen nortasun korapilatsua ezagutzeko eta bere bizitzaren pasarterik ilunenetan murgiltzeko.

Kazetariaren rola Lola Casamayor espainiar aktore handiak bete du, bere kategoriatik espero zen efikaziarekin. Haren parean ibili dira Garbiñe Insausti eta Alberto Huizi euskal herritarrak Piafen rolean lehena eta beste askorenean bestea. Izan ere, Galanen dramaturgiaren diseinuan, Huizik kazetariaren zuzendari bihozgabea, Piafen alaba bakarraren aita eta, hirugarren rol batean, haren bihotzeko kuttuna izan da, zuzeneko abestietan soinujole anonimoa izateaz gain. Horietan guztietan gainditu ditu egiazkotasunaren parametroak bi emakume indartsuen arteko duelua garatzen zen bitartean, eta Insaustik ñabardurez beteriko pertsonaia bat eraiki du, Casamayorren erronka sendoari tinko eutsita eta abesteko nahiz frantsesez ahoskatzeko gaitasun inbidiagarria erakutsiz.

Arratsaldeko bigarren txanda Lapurdiko Theatre du Rivage konpainiarena izan da, Frantzia aldean berrehun emanaldiren bueltan dabilen À la renverse (Ziaboga) antzezlanarekin. Pieza honek Karin Serres frantziar egilearen sinadura darama, gazteengan pentsatua da eta bi gazte ditu protagonista bakartzat. Txikitatik ezagutzen dute elkar, eta horrek maitasunera eraman ditu, ezinbestean. Maitasun lasaia izango da, ordea, ez leher egiten duten horietarikoa: udarak Bretainian pasatzera dator Gabriel, hango Finistere aldera, eta laguntasun trinkoa sortuko da bertako Sabrinaren eta Gabrielen artean, baina heldutasunera hurbildu ahala dena korapilatuko da, Sabrinak bere patua bete nahi izango duelako Gabrielen maitasuna bigarren planoan utzita.

Gai ezin egokiagoa, beraz, martxoaren 8rako, orain arte ohituta egon baikara gizonok geure patua betetzen emakumeen maitasuna gorabehera. Eta ezin egokiagoa ere gazteengan pentsatuz gero. Diseinu eszenikoa soila baino gehiago latza egin zait, antzezle biak burdinazko egitura lineal batean egon direlako denbora osoan, ikusleok agertokiaren albo banatan geundelarik. Egia da metalezko egiturak ozeanoaren presentzia eta beste aldean egon litekeena iradokitzen zuela, baina hortik harago dena geratu da testuaren esku, antzezle biak denak emanda ibili diren arren. Gitarraz lagundutako abesti politak ere interpretatu dituzte bien artean, eta horrek zertxobait arindu ditu tempoaren geldotasuna eta ekintza eszenikoaren progresio falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.