KRITIKA Zinema

Euskal drametako bat

Gontzal Agote.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

'Soinujolearen semea'



Zuzendaria: Fernando Bernues. Aktoreak: Eneko Sagardoi, Frida Palsson, Xabier Perurena, Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Cristian Merchan, Aitor Beltran, Mireia Gabilondo, Laia Bernues, Iñaki Rikarte, Bingen Elorza. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 95'.

Dagoeneko filmografia txiki bat du Bernardo Atxagak; orain artean lau dira bere liburuen gainean egin diren moldaketa zinematografikoak —horietako bat telebistarako egina zegoen—. Egile, ikuspuntu eta estilo desberdinetakoak izanik, zaila da egokitzapen horien artean ezaugarri komunak aurkitzea, baina denek jakina zen gauza bat utzi dute agerian: zaila dela oso liburuetan agertzen den unibertso berezia hortik kanpo eramatea.

Horixe bera da Soinujolearen semea-k duen zamarik handiena, istorio nagusia zuzen kontatuta egonik ere, horren azpian ezkutatzen diren geruzek eta korronteek ez baitute apenas tarterik aurkituko filmean. Lehengaia errespetuz landua, kontakizunak bide jakinetatik, azaletik, eginen du aurrera.

Horrelako eleberri baten aurrean, nahitaezkoa da aukera egin behar izatea. Kasu honetan, David eta Josebaren istorioak dira filmaren ardatza, eta liburuan dauden beste batzuk kanpoan gelditu dira. Kontu kitatze sentimentala izanik, istorioari nostalgia kutsua dario; hain zuzen, AEBetan gertatzen diren pasarteak dira atzera begirakoari indarra emanen diotenak.

Horietan, besteak beste, joandako denbora, galdutako adiskidantza, herriaren mina eta historiak irentsitako istorio posibleak ageriko dira. Obabako tartea, berriz, eskematikoagoa gertatuko da, bai narrazioan, baita pertsonaien sakontasunean ere.

Memoria idazteko manerez horrenbeste hitz egiten den honetan, filmak ez dio izkin eginen gure herriaren historiaren zati baten zati bat kontatzeari. Drama bat bai, baina ez ikuspuntu bakarrekoa, ertz askotarikoa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.