Kritika

Euskalakarion festa

Agus Perez.
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Antzerkia

'Sekula bai!'

Zuzendaritza: Itziar Lazkano. Koreografia: Maitane Zalduegi. Antzezleak: Lander Otaola, Galder Perez, Loli Astoreka, Eduardo Gabiña, Mikel Losada.Lekua: Bilboko Alondegia.Eguna: Otsailak 17.

Hasi da Korrika kulturala, non eta Bilboko zabalgunean, bertako Alondegiko auditorioan eta, agindu bezala, «benetako jazoeretan oinarritutako ikuskizun satiriko irrazionala» aurkeztu dute, aretoa betetzen zuten euskalakarien gozamenerako.

Eszenatokian inor agertu aurreko keinu bidezko txantxa txikiekin argi geratu da emanaldia indar handikoa eta ondo neurtuta izango zela. Izan ere, hasierako uneetatik bertatik igarri da proposamena sormenaren indarrean eta aktoreen ekinean oinarrituko zela, eta horrela izan da saio osoan zehar, ikusleen konplizitatearekin eta lan-taldeko kide guztien ahalegin koordinatuari esker.

Emanaldian zehar ez dira falta izan euskal kanta edo kantari ezagun batzuei egindako erreferentziak eta, era berean, film famatu batzuetako eszenak baliatu dituzte gure egoera sozio/politikoaren gaineko satira egiteko. Nik, ordea, kabaret kutsu handiagoa espero nuen, beharbada beraiek ere aipatu dutelako kabaret izaera aurkezpenean. Sekula bai!, ostera, kabareta baino gehiago esketx sorta aberatsa da, baina badauzka betiko kabaretaren elementu batzuk, hala nola Yoghurina Borova bezalako pertsonaia baten sexu-anbiguotasuna, ikusleekiko harreman zuzena eta edozein gai aztertzerakoan erakutsi duten espiritu zirikatzailea.

Behin esketxen segidan sartuta, baserri giroko pasartea errazegia eta askotan ikusia iruditu zait, baina hori kenduta, gainontzeko guztietan irudimena, bizitasuna eta errealizazio ona izan dira nagusi. Eta merezimendu handikoa da, zeren eta, beren presentzia eszeniko, antzezpen eta talde-koordinazioari esker, ahal zen gehiena eman dute ahalik eta elementu gutxien erabilita. Zuzendaritza lan onaz aparte, nabarmena izan da lan koreografikoa, eta ez bakarrik izan diren zati dantzatu laburretan, baizik eta antzezleen keinu-zehaztasunean eta gorputz-energian, alderdi horrek asko lagundu duelako lanaren erritmoan eta bizkortasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.