Kritika. Artea

Ezinbestekoa

Kartelgintzan eginiko lanek beren espazioa dute erakusketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nestor Basterretxea. 'Forma eta unibertsoa'

Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoa. Noiz arte: maiatzaren 19a arte.

Euskal Kosmogonia serie monumentala 2008an aurkeztu ostean, Bilboko Arte Ederren Museoak Nestor Basterretxeari (Bermeo, 1924) sekula eskainitako atzera begirako osatuena antolatu du, zinez erakusketa apropos eta beharrezkoa, sortzailearen lan askotariko, konplexu eta aberatsa modu ezin hobean agertzen duena.

Basterretxea euskal artista nagusietakoa da, erbestean hasitako 60 urteko ibilbide artistikoa duena —1952an itzuli zen Euskal Herrira, eta lanean jarraitzen du—; nekatu barik eta militantzia txundigarriz diziplina eta teknika artistiko arras ezberdinak maisutasunez landu ditu, eta euskal artearen berritzaileen artean da. Artista ameslaria, formalki indartsua dugu oso, errepikatu gabe bide berriak bilatu dituena, sortzea asmatzea baita beretzat, jardute esperimentala, erakusketan ikus genezakeen obra polifazetiko eta multidiziplinarrak erakutsi bezala.

Aretoko espazioa, pareta sigi-sagatsuekin banatu beharrean, modu diafanoan ordenatuta asmatu dute, muntatze ikusgarri batekin. Orotariko 200 pieza baino gehiago dira, horien artean benetako bitxiak, hainbat inoiz erakutsi gabeak, beraien artean elkarrizketan osotasun baten barnean, testu labur eta zehatzekin, eta hori guztia ikerketa akademiko eta zientifikoaren fruitu den katalogo zehatz batekin osatzen da.

Pintore benetan aipagarria aurkitzen dugu bermeotarraren lehen pausoetan. 50eko hamarkadan hasi zen, modu autodidaktan, eta Le Corbusier edo Ben Nicholson omenduz, izaera abstraktu eta geometrikoko lanetan material berritzaileak darabiltza; arpillera eta burdina, esaterako. Fundatu zuen Equipo 57 taldearen ideiekin bat eginda, estetikoki margolan indartsuak agertzen ditu. Ez dira falta Gaur taldearen lehen erakusketan Barandiaran Galerian (1966) erakutsitako pintura txikiak, izaera eskultorikoko barne paisaia abstraktuak; bikainak ditugu hirugarren dimentsioa bilatuz Madrilgo Nebli aretoan (1960) bildu zituen arbelezko behe erliebeak.

60ko hamarkada hasieran eskultura exentuak gauzatzen hasi zen Basterretxea, eta ordutik hainbat norabidetan garatu du diziplina. Formatu eta material ezberdinetako piezak biltzen dira —burdina, egur, brontze eta alabastrozkoak—, horien artean Meridianoak serieko adibideak —disko formako logotipo, arkitektura proiektu zein obra grafikoan ere sarri erabili du artistak—, Arantzazuko basilikako kriptarako proposatutako multzo eskultoriko ikusgarriaren maketak eta collageak —lehenago bertarako egin marrazkiak ezabatuak izan ziren, zentsura erlijiosoa zela medio—, eta Omenaldia hasierako Amerikari (1992), burdin polikromatuzko lan delikatuak, telebistarako dokumentalekin batera, Kolon aurreko kulturen gaineko ikerketa mamitsuaren emaitza.

Ezin utzi albo batera Basterretxeak eskultura publiko garaikidearen esparruan izandako presentzia eta garrantzia, 80ko hamarkadan goren puntua ezagutu zuena, gurean eta nazioartean. Norberaren eta besteen testuinguru kulturalak alderatzeko asmoz fotomuntatzeen bitartez haren eskulturak leku imajinarioetan —hondakin erromatarretan, Amazoniako basoan zein lorategi barrokoetan— kokatzeko ariketek agerian uzten dute Basterretxearen asmo esperimentala.

Aretoko hondoko horma guztia kartel eta obra grafikoekin osatutako mosaiko batek hartzen du, artistaren espresio modu gogokoenetako bat; urte askotan, haren mintzaira formala erabili du collage, argazki zein tipografia bidez kausa kultural, sozial zein politikoekin kolaboratzeko. Baina publikoarentzat ezezagunagoa dugu arkitekturan, urbanismoan zein diseinu industrialean Basterretxeak garatutako lana. Bolumetriak (1973-2003) seriea —paperean planteatu proiektu arkitektoniko utopikoak— edota gauzatu ez ziren proiektu ezberdinen maketak —Arte Ederren Museoa, Deustuko Unibertsitateko Biblioteka eta Atlantida museoa Lemoizko zentral nuklearrean— benetan dira aurrerakoi eta inspiratzaileak.

Aipagarriak dira baita Irungo Biok enpresarako gauzaturiko altzari modernoen prototipoak eta diseinu industrial eta aplikatuaren baitan egin zituen lanak ere, horien artean bereziki Operación H film esperimentala (1963). Garai hartan Fernando Larruquert-ekin batera gauzatu pelikulak —Pelotari (1964) eta Ama Lur (1968), besteak beste— erakusketaren inguruan antolatu zikloan ikus genitzake.

Erakusketako Basterretxea, agertzen duen heldutasun eta aberastasun formal, poetiko eta estetikoagatik, beste guztiak bigarren mailan utzi dituzten Oteiza eta Txillidaren parean kokatzen da. Peio Agirre komisarioak eta Bilboko museoak onduriko erakusketak, artistaren ibilbidea borobiltzeaz gain, gaurkotasun handiko sortzaile garaikide bat erakusten digu. Bai artistak eta bai publikoak merezitako erakusketa, euskal artearen azken hamarkaden nondik norakoak ezagutu gura dituenarentzat ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.