Kritika. Zarzuela

Faraoiaren Gorte Inpotentea

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
'La Corte del Faraón'

Egilea: Vicente Lleo.

Musika zuzendaria: Carlos Aragon.

Eszena zuzendaria: Emilio Sagi.

Orkestra: BIOS.

Abesbatza: Rossini abesbatza.

Lekua: Arriaga antzokia.

Eguna: apirilak 19.

Behin eta berrizko txaloaldiak bermatu zuen Emilio Sagiren eskutik etorri zaigun arrakasta, hots, Vicente Lleo-ren La Corte del Faraón ekitaldi bakarreko opereta biblikoa, Arriaga eta Oviedoko Campoamor antzokien arteko ekoizpenetik sortu izana. Izan ere, 1910ean estreinatu zen barregarrizko lan hau, zarzuelaren genero txikerrekoa da, eta Perrin eta Palacios-en libretoak eta Lleo-ren musikak Giuseppe Verdiren Aida-ren parodia nahi izan du nola edo hala.Agian, komedia musikalaren eta kabaretaren artean mugitzen den horri astrakanada deituko genioke. Beraz, Bibliaren Jose kastuaren eta Putifarren andrearen arteko kontakizunean oinarritzen dela, erlijioari azaleko irri eta barre egiteko; gauza da faraoien gorte honetan gizonezkoak ez direla gai hango emakumeen sexu gosea asetzeko eta hori gertatuko da Jose kastua agertzen den arte... Den-dena garai hartako zentsurak baldintzatzen zuen zentzu bikoitzeko hitzekin eginda, baina gordinkeriarik gabe — hala eta guztiz ere, lana Francoren diktaduran debekatua izan zen...—. Sagik eszena dirdiratsua asmatu zuen; argiztatze eta arropen koloreak, hondoko panelak zabalduz, eta perpetuum mobile, hots, abeslari-aktoreak eta konpartsakoak beti mugimenduan jarri zituen. Beste aldetik, eszena zuzendariak indartu egin zuen sexu anbiguotasuna: zerbitzari eta dantzariak gay ziren, odolosteak sortuz —libretotik at sortzen diren testuak, alegia— eta antzezlanaren erdigunean travesti-drack queen-a ipini zuen cuplé famatua abesten: «Ay va, ay va, ay Babilonio que marea…» kabaretari keinu eginez , Enrique Viana paregabearekin... Azkenean publikoak ere parte hartuz cuplé horretan. Kantu alorrean hiru ahots nabarmendu behar ditugu besteen gainetik: Carmen Romeu, itxuraz eta ahotsez ondoLotaren rolean; Itxaro Mentxaka, sendoena kantuan eta aktore fina erreginaren rolean; eta Ainhoa Zuazua, Rakelen rolean polito. Besteek, Manel Estevek, Axier Sanchezek, Jorge Rodriguez-Norton-ek, bete zuten bakoitzak bere rola. BIOS orkestrak ez zuen arazorik izan partitura irakurtzeko Carlos Aragonen zuzendaritzapean, hasierako desafinoak eta denborapasak kenduta. Rossini abesbatzak duintasunez abestu eta antzeztu zuen lanak ematen zuen erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.