Zinema
'The Killer Inside Me'
Zuzendaria: Michael Winterbottom. Aktoreak: Casey Affleck, Jessica Alba, Kate Hudson, Ned Beatty, Tom Bower.Gidoigilea: John Curran. Herrialdea: AEB, Erresuma Batua.Iraupena: 110 minutu.
Ford itzuli da. Duela lau urte Casey Affleckek Robert Fordena egin zuen The Assasination of Jesse James by the Coward Robert Ford film interesgarrian (Andrew Dominik, 2007). Orain, berriz, Jim Thompsonen Lou Ford da Michael Winterbottomen azken pelikulan: The Killer Inside Me.
Aktorea eta pertsonaiaren abizenarena ez dira bi filmok elkarrekin dituzten gauza bakarrak. Bata zein bestea genero klasikoenak —western eta zinema beltza— gaurkotzeko saio zintzo eta beharrezkoak egin dituzte.Eta Afflecki hiltzaile batenaegitea tokatu zaio, beldurtia batean, gupidagabea bestean. Azkenik, narrazioak aurrera egiteko bidea aktorearen off-eko ahotsa da.
Bi filmen artean pasatu diren lau urteotan Casey Affleck ez da pantaila handian agertu. Besteak beste, bere lagun Joaquin Phoenixekin hautsak harrotu dituen I'm Still Here dokumental faltsua zuzentzen aritu delako. Baina lau urte denbora tarte luzeegia da, bereziki gaur egungo Hollywoodeko oihaneko pertsonaiarik interesgarrienetakoaz ari bagara.
Aktore talde bikainak ezin hobekiago lagunduko badio ere, aktorearen bizkar gainean da Thompsonen eleberri klasikoaren moldaketaren pisurik handiena. Horren berezkoa duen onbera-maltzurra bitasuna, ederki baliatu du sheriff laguntzaile beldurgarriarena egiteko. Liburuan bezala, narrazioa lehorra da; soberan daude elkarrizketa luzeak. Horregatik, Afflecken begirada jokoa ezinbesteko arma bihurtuko da.
Winterbottom ere primeran atera da genero beltzaren labirinto bihurritik. Istorioaren oinarrizko osagaiak errespetatu ditu —beharbada, alderdi freudianoa gehixeago azpimarratu du—. Zaila zen oso Thompsonek idatzitako istorio trinkoa taxuz pantailaratzea, baina zuzendari ingelesak oso nota onarekin gainditu du azterketa. Berriz ere argi utzi du generoek ezin dutela bere talentua mugatu .
Jatorrizkoari darion bortizkeria giroari ez dio izkin egin; horren ondorioz hainbat sekuentzia gordinak dira, oso. Beste batzuek kamera mugituko zuten, off-ean utziko hainbat momentu, baina zuzendariak nahiago izan du leial izan eta kamerari tinko eutsi. Hortik aurrera, ikuslearena da begirada mantentzeko erabakia.
Inspirazio klasiko nabarmena du The Killer Inside Me filmak, baina modernoa izateari utzi gabe. Errespetuz, ofizioz eta maitasunez egindako estilo ariketa bikaina da.
Kritika
Ford zaharraren distira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu