KRITIKA. Musika

Ganbera gorena

Marta Garcia
2026ko abuztuaren 11
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

LA RITIRATA

Taldekideak: Josetxu Obregon (biolontxeloa eta zuzendaritza artistikoa), Hiro Kurosaki eta Miriam Hontana (biolinak), Daniel Lorenzo (biola), Ismael Campanero (kontrabaxua). Egitaraua: L. Boccheriniren Hari boskotea si bemol maiorrean G. 337, 2. Trioa-ren Minueta eta 77. hari boskotea re maiorrean G. 341 eta J. C. Arriagaren 2. hari laukotea. Lekua: San Telmo museoko klaustroa. Eguna: abuztuaren 9a.

Azken urteotan izan duten presentziari erreparatuz, esan daiteke La Ritirata taldea Musika Hamabostaldiko apustu finkoa bihurtu dela. Eta ez da harritzekoa; izan ere, koherentziaren eta originaltasunaren bermea dakarte programen eraikuntzan, eta kalitatearena eta pasioarena interpretazioan. Hala izan zen, berriro ere, igandeko kontzertuan, Luigi Boccherini eta Juan Crisostomo Arriagaren ganbera-musikaren inguruan ardaztua.

Espainiako gortean bizi izan zuen Boccherinik bere garapen artistikoa, 1770ean Luis Antonio Borboikoa infantearen errege-kaperan biolontxelista eta konpositore izendatu zutenetik. Han hasi zen bere ganbera musika ekoizpena, eta garai hartakoak dira bere hari laukote eta boskote gehienak. Guztiek uzten dituzte agerian, nonbait, bere birtuosismoaren zantzuak: arkuaren kontrola, artikulazio fina, dinamika sorta zabala eta elkarrekiko doitasuna eskatzen dute maila gorenean. Garaiko instrumentuen ezaugarriak mantenduz —tripazko sokak, esaterako—, La Ritirataren interpretazioa ezin hobeto egokitu zitzaien errepertorioaren eskakizunei. Izan ere, bai Hari boskotea si bemol maiorrean, bai Fandango deritzon 77. hari boskotea re maiorrean biziki garbiak eta arinak izan ziren, aldi berean batasuna eta trinkotasuna une oro mantenduz. 

Arriagak, aldiz, oso bestelako testuinguruan idatzi eta argitaratu zituen bere hari laukoteak. Partituran datarik agertzen ez bada ere, litekeena da 1823 inguruan idatzi izana, jada Parisen bizi zenean. Bere obra urriaren artean fintasun eta berritasun ugari aurkezten ditu, eta akaso horregatik dira gehien interpretatu eta grabatu direnak. Kurosakiren gidaritza zentzuzkoari jarraituz, gaia eta bariazioak eskaintzen dituen Andante jostalaria eta, bukaeran, Allegro bizi eta indartsua marraztu zuten. Kontraste eta dinamiken erabilerari erreparatuz, La Ritiratak nabarmen landuak erakusten du Arriaga gertuago dagoela Sturm und Drang mugimenduaren estetikatik, klasizismotik baino. Eskerrak bere obra deskubritzen jarraitzeko aukerak ditugula.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA