'Bitakora kaiera'

Garbiketa propio bat

Egilea: Ibon Sarasola. Argitaletxea: Erein.

2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ibon Sarasolak 1997an kaleratu zuen entzutetsua eta, orduan ere, nahikotxo hauts harrotu zituen Euskara Batuaren ajeak liburua. Handik ia hogei urtera argitaratu berri du liburu haren leon edo kastillo datekeen Bitakora kaiera. Azaletik hasteko, kanpoko iruditegiak eta grafia moduak garai bateko LUR argitaletxeko azalak dakartza gogora eta ez alferrik, irakvrtcailleari eginiko keinu anbiguoa ere biltzen da, Axularren Gero-ko hitzak baitatoz ondotik, jende multzo ahozabalen baitan kokatuta. Halaber, liburu sarrerako aipuak ere ez dira nolanahikoak, eta hitzaurre moduko Bi hitz atalaren ostean, argi eta garbi bereizten dira liburuko lau kapituluak.

Mamiari helduz, Euskara batuaren miraria lehendabiziko atalean, euskara batuaren sorrera eta bilakaera aztertzen ditu Sarasolak, eta ondorioztatzen du, zinezko aitortza zintzo baten ostean, euskara batuaren finkatzearekin «euskara hizkuntza normalen unibertsoan sartzen» hasi zela. Eta are, liburuko tesi nagusia ere plazaratzen du: «normalizazio» bide horretan, hiztun, esatari, kazetari eta idazle eredugarriek dutela hizkuntza idatziaren jabegoa, hots, haien eskutan dagoela, bereziki, egungo euskararen bilakaera eta geroa (etorkizun hurbila bederen).

Errealitateari galbahea atalean, hizkuntzalariak 2000. urteko ingurumarietan euskaldunon artean jazotako aldaketa deskribatu, eta adibide zehatzekin aletzen saiatzen da. Anitz, sukaldatu, alfonbra/tapiz edo emendakin hitzen erabilera eta bilakaera xeheki jorratu, eta «hizkuntzaren beregaintasun erlatibo hori», hau da, zenbait hitz zein esamoldek beren bide propioa egitea aberatsa dela berresten du Sarasolak. Halako hizkuntza baliabideek euskara ez hain hurbileko hizkuntzen parean jartzen baitute, hizkuntza «normalizatuetan» ohikoak diren eraldaketak gurean ere gertatzen ari diren heinean (zorionez). Horrela, egilearen iritziz, Hizkuntz Akademia edota filologoak baino, kazetari, esatari, idazle eta itzultzaile bikainak dira euskara batuaren «kapital nagusia» eta oinarria. Alta, literatur tradizioari eta prosa eredugarriaren transmisioari erreparatzen dio Sarasolak, eta, klasikoetatik abiatuz, egungo idazle onak tradizio horren jakitun direnak direla defendatzen du (klasikoak zerbaitengatik baitira klasiko, oraindik ere).

Sarasolaren saiakeran pisu nabarmena du iaz Pamielak ateratako Kepa Altonagaren Back to Leizarraga saiakerak, eta izenburu bera paratu dio hirugarren atalari. Eskuarki, Altonagaren proposamenei ameto egiten badio ere, Sarasolak eztabaidaren muinari heldu eta bere gisara osatzen du besteak aurrez irekiriko bidea. Atal honetan erlatibo anaforikoak eta erlatibo «normalak», hau da, -n atzizkiaz sortzen direnak ditu jomugan. Escape from Altube laugarren atalean, aldiz, idazlearen ustetan garrantzizkoena denean, garbizalekeria lexikala alde batera utzi eta purismo sintaktikoaz aritu eta goitik behera arbuiatzen du sintaxi mailako garbizalekeria, askotariko adibideen bidez. Lezio guzien amaieran (nola ez), hitz-ostea dator, eta labur bada ere hor ere bereak eta bi esaten ditu Sarasolak, besteak beste, Euskaltzaindiaren jarduna ere kritikatuz.

Eta behin puntu honetara iritsita, liburua behin eta berriz gomendatzea besterik ez zait okurritzen. Barruan dudan filologo txikiak txalotxo eta irribarre asko egin du (literato txikiak are gehiago), nahiz eta, gutxi batzuetan, bekokia uzkurtu beste zenbait ateraldirekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.