KRITIKA. Musika

Gazteria, bere lekuan

Aurreko astean entseguak egin zituen EGOk Eibarren. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Arkaitz Mendoza.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Euskal HerrikoGazte Orkestra

Zuzendaria: Juan Jose Ocon. Pianista: Jon Urdanpilleta.Egitaraua: Sergei Ratxmaninoven Pianorako 2. kontzertua eta Igor Stravinskiren Suzko txoria.Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Uztailak 22.

Urteak ez nuela Euskal Herriko Gazte Orkestra entzuten, eta goi mailako ikasketak burutzen ari diren ikasle hauen lana txukuna izan zen errusiar musikaz zipriztindutako planteamendu honetan. Oro bere lekuan azaldu zen, ez baita erronka makala, ez: partitura zailak, ez soilik instrumentuarekin jorratzeko, baizik eta garunarekin sentitu eta adierazteko ere. Agian bigarren alderdi hau motz sentitu zen; musika notak ondo kokatuta, baina musikak eragin behar zizkigun emozioak ezkutuan agertu ziren. Kontzertuko bi obra handietan haize sendiko bakarlariak txandakatu egin zituen Juan Jose Ocon zuzendariak, eta duda izpirik gabe, Stravinskiren Suzko Txoria-n agertutako haize egur eta metal bakarlarien egitekoa askoz gozagarriagoa izan zen Ratxmaninovekoekin alderatuta. Perkusioan gauza berbera pasatu zen, nahiz eta plateretako gazteak pianissimo zoragarriak eskaini Pianorako Kontzertua-n.

Jon Urdapilleta piano joleak ez du arazorik pasarte deabruzkoetan —nahiz eta amaierako Allegro scherzando azkarregi eta estututa azaldu— eta suziri teknikoak gainditzeko gaitasuna eta abilezia du. Hala ere, orkestrak taupada baketsuan aurkeztutako Adagio sostenuto-an lasaitasuna faltan bota nuen hirukotxo horietan, orkestra behar bezala entzun eta elkarrekin giro zerutiar bat distiratzeko. Esku erraldoiak zituen Ratxmaninov berak eta hasierako akorde latz horietan hamar hatzak guztiz betetzen zituen errusiarrak, orkestrari haize burrunba basatia iradokitzeraino. Orkestraren ozentasun handienean pianoa gor samar entzun zen batez ere melodiaren berragerpenean. Hala eta guztiz ere, 22 urterekin errusiar entsalada mamitsu hau irensteko argudioak mahai gainean jarri ditu Urdapilletak. Emozioaren bila jarrai dezala bere ibilbidea!

Suzko Txoria-k orkestra biluztu zuen, hara hor oboe jotzaile txalogarria, klarinete liluragarria, bigarren tronpa txukuna eta biola talde emankor bat. Belaunaldi orekatua antzeman zen gazte orkestran, ez zen atrilik bereziki nabarmendu eta etorkizunera begira fruitu emankorrak aurreikusi daitezke batzuengan. Denborak, irmotasunak eta erabaki onek zerikusi handia izango dute profesionaltasunerako bidean arrakasta lor dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.