KRITIKA. Artea

Gehiago nahi

Isabel Hergueraren erakusketa, Donostiako Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Sultanaren ametsa'

Non: Donostiako Tabakalera.Noiz arte: 2024ko urtarrilaren 15era arte.

Zinemaldiaren presentzia ezin izaten da saihestu irailean. Ez ikusiarena egin daiteke, baina zertarako? Asko jota, iraila joan eta iraila etorri, kontu beraren kantuan ez ibiltzeko. Baina merezi ez duelakoan nago, ikusi berri dudan azken erakusketa ere haren aitzakian egin delako uste ziurra baitut: Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa, egilearen lehen film luzearen harira proposatu duten izen bereko mostra.

Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu da filma. Pasa den asteburuan eta aste bete lehenago ireki den Tabakalerako erakusketak haren irrika pizteko asmoa duela esango nuke. Zinemaldia martxan dagoen bitartean, Tabakalerako erakusketek beti egin izan ohi diote keinua, instituzioak zinemarekin duen lotura ezin baita ahaztu eta zine festibalak Donostiara mugiarazten duen publikoari ere zerbait eskaintzeko nahia begi bistakoa da, hura erakarri eta bertaratzeko esperantzan. Kanpora begira egindako proposamenak izan dira maiz, kanpoko ekoizpenei protagonismoa emanez. Aurten ordea, apustuari buelta eman diote fokua aldatuz, eta bertan gertatzen ari denari begiratzea erabaki dute, bertako egile eta lanak balioan jartzea; zer eta noiz programatu eta erakutsi, erabaki kontua baita beti.

Erakusketa ezohikoa dela esan daiteke, lanen azken bertsiorik, alegia, amaitutako proiekturik ez baitago bertan. Filma zinemetan ikusteko aukera dago, eta erakusketak haren aperitiboa ematen digu, zenbait tripa azaleratuz. Sarrerako testuak, Hergueraren estudiora bisita irudikatu nahi izan dela azaltzen du. Zaila egiten zait, baina, hain estudio ordenaturik imajinatzea, eta bisitaria estudiora baino, filmaren egite prozesura daramala esango nuke.

Luzemetraia egiteko artistak emandako pausuak kronologikoki daude ordenatuta eskuinetik hasita, baina bertara sartu eta sarrera testua ezkerretara egoteak, bisitariek jarraitu beharreko norantza aldatzen du; eta hara, bertaratu zirenen artean gehienek erakusketa atzekoz aurrera ikusi genuen.

Aretora sartu eta pareta guztiak paperez josita ikusteak, halako bat bateko asebetetzea eragiten du: ezkerretik eskuinera, eta behetik hasi eta goraino, multzokatze bakoitzaren artean tarte minimoak mantenduz. Herguerak filma egiteko erabilitako materialez beterik daude horma guztiak. Baina mostra ikusteko erritmoa behin hartuta, pixkanaka-pixkanaka gustura hartzen da irudietako bakoitza, hasieran sortutako sentsazioetatik urrunduz. Nahigabean igarotzen da batetik bestera. Lehendabizi —erakusketan zuzen murgilduz gero behintzat—, artistak Indian egindako egonaldiko tailerreko emaitzak daude parte hartzaile bakoitzak bere estiloan egindako lanekin: Rupa Kamdar, Vaishali eta Jeshal Shaha dira sinaduren artean irakur daitezkeen izenak. Tailerren ostean, moodboardak agertzen dira —kontatu nahi den istorioaren nondik norakoak biltzen dituena—. Sabaira joan zait nahigabean begirada eta sorpresa: Handik zintzilik halako oihal ilunezko panpina dago. Eta, ostera, hormetan eszena ezberdinen osagaiek jarraitzen dute: Mary Beard mosaiko erromatarraren aurrean, gameluen irudikapenak, eta multiplanoan erabilitako eszenaratzeak —teknikaren azalpenarekin batera—. Azken hauek bereziki ederrak dira, bai akuarelaz egindakoak, bai zeta paperezkoak, eta baita haien gainean eszenak osatzeko erabilitako txotxongiloak ere, mostran argi kutxa baten gainean ipinita ikus daitezkeenak.

Koloreen transparentziak eta gainjartzeak, Hergueraren eskuaren trazu nabarmenak eta akuarelazko koloreen lausodura orbainduek protagonismoa hartzen dute. Eta filma, estetikoki behintzat, badirudi guzti horien emaitza dela. Film laburrera azken hurbilketa erakusketa amaieran proiektatzen diren irudiek bermatzen dute, baina hauek, film luzea egiteko baztertuak izan diren eszenak dira. Filmak zer kontatzen duen ere ezin da jakin: abiapuntuak eta pistak soilik eskaintzen baititu erakusketak; estetikoak zein teorikoak —sarreran zenbait liburu daude: El sueño de la sultana (Begum Rokeya Hussein), Mujeres y poder (Mary Beard), Una habitación propia (Virginia Woolf), Un apartamento en Urano: Crónicas del cruce (Paul B. Preciado), La ciudad de las damas (Cristina Pizan) eta El país de las mujeres (Gioconda Belli)—.

Dena den, eta zenbaitetan mostrak izaera didaktikoegia izan dezakeen arren, ezin uka daiteke helburua betetzen duenik: Hergueraren film laburra ikusteko irrika sortzea; gehiago ikusteko nahia piztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.