BRAD MEHLDAU TRIO / DAVe holland-chris potter: 'kismet'
Musikariak: Brad Mehldau (pianoa), Felix Moseholm (kontrabaxua), Jorge Rossy (bateria) / Dave Holland (kontrabaxua), Chris Potter (saxofoia), Marcus Gilmore (bateria). Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: Uztailak 26.
Pianoa pp (pianissimo) entzuteko parada izan dugu, une oro pp (pianissimo), agian une batzuetan p (piano) entzun dugu, baina sekula ez f (forte) edo mf (mezzo forte). Akaso dezibel larregi dira horiek Brad Mehldau jaunaren sentiberatasunerako. Delicatessen hitza egokiago ikusten dut gizon horren jotzeko era definitzeko, baina ez dut uste musikako hitz teknikoen artean dagoenik. Mehldauren piano doinua halakoa dela esango nuke: delicatessen bat, dotore, fina, leuna, delikatua... Musikaren ezagutza gorena nabari zaio, jazzarena eta jazza ez denarena ere bai. Hatzak azkar doaz pianoen tekla zuri-beltzen artean, aise. Era apalean irteten dira notak pianoaren kutxa handitik, baina ez dira ahulak, sendoak baizik.
Floridako musikaria pandemia urtean ikusi genuen Trinitateko oholtzan, 2021ean; oraindik maskarak erabiltzen genituen, aldizka esertzen ginen, aulki bat hutsik utzita tartean, eta abar... Bai, Mehldau askotan etorri da Donostiara, esango nuke Jazzaldiko gune guztiak ezagutzen dituela. Ontzen ari dela ere esango nuke; gaztea zen, eta heldutasun artistiko izugarria du orain. Ahots propioa du haren musikak, estilo askotan sartzen da, baina haren estilo pertsonala gailentzen da beti. Guinga brasildarraren O silencio de Iara jo duenean horixe gertatu da: musika brasildarra baino gehiago, Mehldau jaunak bere eremuan barneratutakoa entzuten dugu.
Laguntzen dioten musikariek ere ondo lerrokatu behar dute haren zorroztasunari erantzuteko. Felix Moselhom kontrabaxu jolea oso gaztea da, eta urteak daramatza Melhdauri laguntzen. Era sentikor eta dotore batean jotzen du. 27 urte ditu Kopenhageko musikariak, eta zoragarriak dira haren noten progresioak; baxuko linea oso ederrak entzun ditugu. Jorge Rossy bateria jotzailea ere hautatu du Mehldauk musikari lagun. Aspaldi ikusi dugun perkusionista finena dela esango nuke, delikatuena. Bartzelonan sortua izanik, Bostonera joan zen Berklee College of Music-en tronpeta ikastera, eta musikari askok aukeratutako bateria jotzaile bihurtu da. Beste askoren artean, Paquito de Riveraren seikotean ere jo izan du pare bat urtez, eta urteak daramatza Meldhauen ondoan. Oso ederrak dira haren tresnetatik irteten diren izartxo maitagarri eta jostagarriak. Sona handia du bibrafonoarekin, baina hori hurrengo baterako utzi beharko dugu.
Bestalde, Dave Holland handia beste behin izan dugu Jazzaldian. Bere kontrabaxuak forma berezia du, kutxa txikiagokoa da, eta borobilagoa dela ematen du horregatik. Baina benetan berezia da Hollandek jotzen dituen notak munduari zabaltzen dizkion tresna delako. Ingelesak trebea du hatzen etorria, jarduteko manera, hizkuntza partikularra. Sortzailea, freskoa, gaurkotua, eskuzabala, dotorea, atsegina... Zer esan? 78 urteko gizona sasoian dago, berrikuntzen atzetik beti. Miles Davisekin eta beste munstro sakratu batzuekin jo izan duen musikari historiko bat dugu. Europaren eta AEBen artean zubi erraldoi bat eraiki duela ere esan genezake. Eta Donostiako kontzertuan hori baino gehiago erakutsi digu. Chris Potter saxo tenorra izan du ondoan Hollandek. Gure bizitzan gutxitan entzungo dugu halako saxo baten kontzertua. Bikaina hitza motz gelditzen da, harago joan baita musikarien gorentasuna. Marcu Gilmore bateria ere zoragarri, gorenean. Egia da Potter izan dela protagonista distiragarriena, emozionanteena, baina sortzaile ikaragarriak dira hirurak. Ze gozamen!