'Hanna'
Zuzendaria: Joe Wright. Aktoreak: Saoirse Ronan, Eric Bana, Cate Blanchett. Herrialdea: AEB. Iraupena: 111 minutu.
Paraje elurtuetatik atera eta ulertzen ez duen mundu batekin eginen du topo, entziklopedietatik buruz ikasi dituen datu izoztuekin zerikusirik ez duen anabasa aurkituko du. Horrekin, bere ziurtasun bakarrak arrailtzen hasiko dira, nor den galdetu beharko dio bere buruari, nondik datorren. Beharbada, hiltzaile gazteak ez du jakinen, baina ikusleak nahiko argi du: Jason Bourneren alaba gaztea da Hanna.
Robert Ludlumek sortu zuen pertsonaiaren gaineko aldaera bitxia da Joe Wrightek proposatu duena. Espioitza eta thriller generoak bere egin, eta horiei bestelako ñabardura bat erantsi die: haurtzaro eta nerabezaroarekin lotutako elementu fantastiko eta alegiazkoak sartuta, ezinezkoa dirudien koktela ondu du zuzendari britainiarrak.
Nahasketa bitxia izanik, emaitza ere halakoa da. Batetik, gisa honetako pelikuletan ikusi ohi ditugun osagai gehientsuenak dituelako: borrokaldiak, jazarpenak... Bestetik, Hannaren mundua Grimm anaien ipuinetatik atera dela ematen duelako. Kontua da ipuin horiek ez direla paperezkoak, errealitateak bihurritu ditu eta nahitaez munduaren gordinkeria ikasi beharko du protagonista gazteak. Azken finean, inozentzia galduaren inguruko pelikula egin nahi izan du Wrightek.
Koktela lehorra da, festa egiteko gogorik ematen ez duten horietakoa eta hotz dago zerbitzatuta. Edaria eztarriratzekoan zapore horiek nagusituko dira, ezagunaren lasaitasuna, ezohikoaren zalantza. Izan ere, abiapuntua ez da makala, 14 urte egin berriak ditu Hannak, eta hiltzaile gupidagabea izateko hezi dute. Bide bakarreko heziketaren ondorioak zein kaltegarri izaten ahal diren argi ikusiko dira, determinismo handiz bere eginbeharra beteko du gazteak, pistolaren mintzoa da ikasi duen lehena, eta mendekua du bizitzeko arrazoia. Moralaren ikuspunturik oso eztabaidagarria izaten ahal da planteamendua, baina ausardia falta ezin zaio egotzi Joe Wrighti.
Bi muturren artean mugitu behar izan du, eta oreka mantentzearekin arduratuta ikusten zaio. Badaki eremu arriskutsuan ari dela, eta pauso neurtuaz egin nahi du aurrera. Arrisku gehiago hartu ez izanaren pena geldituko zaio gauza berriak dastatu nahi dituen edale sofistikatuari. Libreago jokatu izan balu, garratzagoa zatekeen koktela, baina zinez berritzaileagoa.
Kritika. Zinema
Grimm-Bourne koktela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu