KRITIKA. Musika

Haize berri eta irudimentsuak

Marta Garcia
2025eko abuztuaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

ENSEMBLE C BARRE

Musikariak: Annelise Clement (klarineteak), Matthias Champon (tronpeta), Joel Versavaud (saxofoiak). Egitaraua: F. Pattar, Y. Robin, B. Bertelsmeier, L. Berio eta M. Urquizaren obrak. Lekua: Kursaaleko Erabilera Anitzeko Gela. Eguna: abuztuaren 15a.

Musika Hamabostaldiak, errepertorio klasikoak irekitzen dituen formatu eta genero askotarikoak ez ezik (antzinako eta ganbera-musika, organoa, opera, sinfonismoa, errezitalak...), egun sortzen den musika formalarekin ere badu konpromisorik. Hala, musika garaikidearen zikloan, talde espezialistek urtero interpretatzen dituzte bertako zein kanpoko konpositoreei espresuki eskatutako obrak. Marseillan kokatuta dagoen Ensemble C Barre, berez, hamabi musikarik osatzen dute, baina oraingoan haize-hirukotearen sonoritatea ezagutzeko aukera izan zen, azken hiru hamarkadetan instrumentu horien muturrak miatzea ahalbidetu duten piezen bidez.

Lehen estreinaldia, Affectionate light bulb izenekoa, konpositoreak duela gutxi zendutako David Lynch zinegileari egindako omenaldia da, haren amets-munduan inspiratuta; eta, aldi berean, Richard Brautigan idazle estatubatuarraren olerki baten izenburua hartzen du, bi urteren ondoren funtzionatzen jarraitzen duen Harmony House, bonbilla bat hizpide duena. Isilune luzez tartekatutako tronpetaren taupada moduko batek irekitzen du pieza —argiaren dirdaia, akaso—, eta gero zabaldu egiten da klarinetearen kromatismoekin zein saxofoiak sustengatzen duen baxu jarraituarekin. Yann Robinen Schizophrenia etorri zen gero, 2006koa. Konplexutasun handiz eraikitzen dute pieza klarineteak eta saxofoiak 16 atrilen inguruan, eta exijentzia handikoa izanik, balio izan zuen Versavauden seriotasunaz zein Clementen energia biziaz gozatzeko. Birke Bertelsmeierrek 2014an idatzitako Unstet eta Zu Neigend obrekin, aldiz, Champonen teknika bikaina berretsi ahal izan zen, baita Berioren Sequenza VIIB-n Versavaudek erakutsitako moldagarritasuna ere.

Azkena, Mikel Urquizaren Eguzkitan sorkuntza berria, imitazioaren eta asoziazioaren artean zelaiak zein naturaren mugimendua bera transkribatzen dituen pieza irudimentsu eta emankorra da, sentimenetatik musikara. Bost mugimendu motzetan koral irekiak, arin-arin kutsuak eta zomorroen marmarrak aurkezten ditu, argi eta alai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.