Artea. Kritika

Harri eta haragi

Baionako Euskal Museoan, Nader Koochaki Etxeberriaren Scénes erakusketa dago ikusgai. GAIZKA IROZ.
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Artea

'Scénes'Nader Koochaki Etxeberria

Non: Euskal Museoa (Baiona). Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 15a arte.

Arkeologia, etnografia, kondaira museoetan sartzean, iragana protagonista den eremuan murgiltzen garela iruditzen zaigu; etxe zahar hauetako apalategi, kantoi eta idulkiak ondare deritzegun objektuz beteta daude. Iraganaren lekura joatearen uste itsuak dauden beste hainbat ezaugarri ikustea galarazten du, eta horren harira, Baionako Euskal Museoan dagoen Nader Kootchaki donostiarraren erakusketak irakurketa aukera berriak pizten dizkigu, erreparatuz, arka zahar hauetan badirela iraganarenak soilik ez diren arrastoak.

Eskailera marduletan gora Scénes imajina multzoa antzematen da, Euskal Museoko ohiko ikuslearentzat atrebentzia daitekeena. Arte bisualetan proiektu berritzaileak sustatzeko Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Hogei'ta 2011 deialdian hautatu zuten Nader Koochaki, Bertrand Dezoteux artistarekin batera. Irabazitako bekari esker sortu du Scènes instalazioa, eta lehen aldiz aurkeztu zaio publikoari Baionako Le Carre erakusgelan. Koochakiren egitasmoak, museoaren testuinguruarekin elkarrizketan egindakoak, iraganari bisita egiterakoan martxan jartzen ditugun ohiko automatismoak dislokatzen dizkigu, eta horretarako, lehen begi kolpean, objektuei baino, izan daiteke giltza edo harraska, garrantzi handigoa ematen die objektuak itzultzeko erabiltzen diren errepresentazio tresnei, hala argazkiei nola bideoei. Edukian baino gehiago forman, moduan jartzen du arreta artistak; berak dioen moduan, konfigurazio bisualen dramaturgian.

Erakusketarantz bidean, Baionako kale-arte bukolikoan, plater eta katiluetako lauburuek edo karrikak aldez alde zeharkatzen dituzten paperezko ikurrinek gure arreta eurenganatzen dute; eta ikus daiteke nola identitatea bizirik beharko lukeen haizea izatetik hilik den fetitxea izatera pasa daitekeen. Museoan ikusgai dagoen oihalezko pilotaria eta haragizkoa harremanetan jartzen ditu Koochakik bideo batean. Memoriaren fetitxizazio unean bizi garela diote askok, memoriaren santutegia delakoan, eta gogoratu eta gogoratu eta gogoratu egiten dugula, gogoratzearen moduari jaramon handirik egin gabe. Behin eta berriro entzuten da memoria historikoaren defentsa, baina faltan botatzen dugu, beharrezkoa baita memoria historiko hau merkatuaren fetitxe huts ez izateko, egiteko moduen inguruko gogoeta handiagoa; hau da, berriro, objektuari baino formari kasu handiagoa egitea, hala azken finean ondare-objektua mekanikoki ez irakurtzeko. Horregatik da bereziki aproposa Kootchakiren deseraikuntza-berreraikuntza asmoa, berak zer gogoratzen dugun baino gehiago nola gogoratzen dugun nabarian jartzen duelako, endredua eta probokazioa sortuz eta, azken finean, objektu-ondareari bizi piritak emanaz.

Erakusketa kultur errepresentazioaren oihalean itzulika jardutetik sortzen den ezohiko artikulazioa da. Eta, ondorioz, ezin geniezaioke begiratu pitxar zaharrari pitxar zaharrari begiratu ohi diogun moduan. Erakusketaren sena ondare-objektuetan dagoen arren, objektu horien hizkuntza mututua pizteko gogoz, ez dugu Scénes-en objektua bera modu zuzenean ikusiko, ikusgai den objektuaren eta ikuslearen artean hainbat bitartekari baitaude (museoa, bitrina, argazkia, bideoa...). Eta, gainera, bitartekari horien presentzia nabari uzteko, ez disimulatzeko, artistak modu argi bezain bitxian aurkezten dizkigu; argazkiaren instantea bideora pasatzen da edo argazkiak mugimenduan jartzen dira eta bideoak sortzen dituzte.

Egiteko modu horrek eszena ezberdinen sareatze konplexua sortzen du. Makina handi bat balitz bezala, dena martxan balego bezala pairatzen dugu erakusketa; badirudi hilik zeudenak ere mugitzen hasten direla. Mugimendua da nagusi instalazioan eta den-dena metafora baten barruan aurkezten da, denboraren neurrezintasunaren azpian. Garai ezberdinak biltzen dira, lehena eta oraina, harria eta haragia; azken finean, ez inork eta ez ezerk ezin du denboraren igaroa saihestu; haragia harria baino lehenago ustelduko da, baina harriak berak ere jasango du higidura.

Harrizko harraskaren etengabeko mugimenduak denboraren igaroa begiratzera derrigortzen gaitu, eta igaroan, objektuek beren hasierako funtzioa galdu dute, egunerokotasuneko tresna izatetik museoko ikusgai izatera pasa dira. Horrela, paradoxikoki, objektuok euren jatorrizko testuinguruan ikustea, baserrian alegia, arrotzago egiten da museoko pareten barruan ikustea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.