Kritika. Dantza

Harrien mintzaira

2025eko ekainaren 19a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'HARRIAK, TOLESDURAK, AZALERAK'

Kintsugi programaren barnean, Dantzaz-ek bi kontzeptu mamitsu elkartu eta sorkuntza baten abiapuntutzat eskaini dizkie hainbat koreografori: memoria historikoa, batetik, eta Kintsugi-a, bestetik. Azken horrek apurtutako materialak berregitearen arte japoniarrari egiten dio erreferentzia. Batak zein besteak puntu komunak dituzte beren esanahietan: memoria egitea apurtutako zatitxoak berreskuratu eta maitasunez elkartzea izan baitaiteke. Emile Camachoren ondoren, Dantzaz-en gonbitari erantzuten bigarrena izan da Myriam Perez gorputzaren bitartez memoriaren arrakala, pitzadura eta bihurguneen amildegira hurbiltzen. Hala, Harriak, Tolesdurak, Azalerak piezaren aurrestreinaldia izan genuen joan den ostiralean, Errenteriako Lekuona Fabrikan.

Aretoan sartu, eta eszenatokia lursail lau baten moduan aurkitu dugu geure parean: ez goratuko duen plataformarik, ez eta ilusioaren konplize izango den gortinarik. Ezkutatzeko ezer ez: harriez eta lurraz hitz egingo badugu, lurrari atxikita behar. Espazioaren hustasunak esentziala den horren sinpletasuna dakarkit burura, apaingarri eta kolore gehiegi behar ez duenarena, eta berehalakoan datorkit burura hizkuntzak, kulturak eta belaunaldiak zeharkatu dituen idazlearen aipua: «Esentziala ikusezina da begientzat». Zenbat gauza diren esanezinak hitzentzat, eta hortik dantza hitzetan itzultzearen absurdoa, baina hitzak irudi bihur badaitezke, eta irudiok gorputzera bueltatu (irudiok ezinbestean kolpatzen baitute gorputza), beharbada zentzurik izango dute hitzok.

Lau dira argiek modu lausoan erakutsi dizkiguten gorputzak. Elkarren ondoan, elkarri lotuta bizi dira, elkarreraginean beti. Itsasoa bezala, edo edozein elementu natural: batak bestea mugitzen du eta elkarrekin oreka harmoniatsu bat osatzen dute, beren bertikaltasuna, beren bizia zaintzen eta babesten ariko balira bezala. Hauskorrak dira, baina ez daude bakarrik: haien materia sostengatzen dute espazioak eta denborak. Espazio batean mugitzen baitira, denboraren barnean eta haren menpe. Haizeak biraka darabilen hostoa lez: ez dugu haizea ikusten, baina badakigu hor dagoela. Teatroan ez dira denbora eta espazioa ikusten, baina antzeman egiten ditugu: mendia eta harriak antzeman ditzakegun bezala. Hori da eszenografia handirik gabe, mugimenduan sotilki agertzen den magia. Kosta egiten zaigu zentzumenak bonbardatuta dauzkagun bizi-estilotik jaitsi eta erritmo zein estimulu horietan murgiltzea; seguruena horregatik hasieran ez naiz berehalakoan sartu musikarik ezaren eta keinu txikien biluztasun horretara, baina nire begiei segituan batu zaie lepoa, eta irrist egin dut dantzariekin: oholtzaren punta batetik bestera, grabitatearen indarren menpeko. Hala, arnasa sakonago hartzen ari naizela jabetu naiz. Eta arnasak nire barnean egiten duen mugimendu zirkularrak kulunkatu nau.

Emanaldiaren amaieran ikerketa eta sorkuntza-prozesuaren erakustaldi bat egin nahi izan du Cazabonek, inspirazio-iturri izan diren argazkiak, liburuak eta materialak azaleratuz. Geologiaren kapak, mendien eta paisaien tolesdurak behatu eta denboraren inguruko hausnarketak irakurtzean, koherentea egin zait ikusi berri dudan dantza. Eta pentsatu dut ederra dela elkarri informazioa modu sentsorial batean pasatzeko dugun modu hau. Uste dut ez nukeela jakingo itzultzen harriek urteetan gorde eta gaur mintzatu dutena, baina hitzez ez dakien neure parte batek ondo baino hobeto jaso du mezua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.