Dinosauroen liburuekin jende askori entzuten zaio tope eginda dagoela. Ematen duela besterik ez dagoela, eta, hau bai etsigarria, denak igualak direla.
Eskuartean dugun Dinosauro bat egunero liburuarekin aurreiritzi hauek izan ditut abiapuntu. Jakin nahi nuen ea inguruko pertzepzio hau zenbaterainoko egia zen. Liburu bilatzaile ohikoetan arakatu dut, apalategiak arakatu ditut, eta emaitza baikorra iruditu zait. Ustea okerra da, ez direlako hainbeste, ez direlako hain igualak.
Lehenik esango dugu Dinosauro bat egunero erreferentziazko liburua izan daitekeela jakintza alor horretan aritu nahi duenarentzat. Kopuruz entziklopedia ikaragarri zabala da, egin kontu, eguneko bat aipaturik, guztira 366 dinosauro espezie deskribatzen direla. Kopurua ez eze, interesgarria izan daitekeen multzokatze sistema bat ere proposatzen dute, halatsu: Urtarrilean Txikienetako batzuk eta Txori-imitatzaileak, otsailean Dinosauro bizkorraketa Intsektujaleak, martxoan Dinosauro ahate-mokodunak eta Dinosauro-hortzak... Nabarmentzekoa da era berean espezie bakoitzeko eskaintzen dituztela irudi naturalista bat, izen arrunta —demagun, otsailaren 29ko Kol espeziearen izen zientifikoa Kol ghuva da—, bizi zeneko garaia (Goi kretazeoa), familia (Alvarezsauridoa), dieta (haragijalea), luzera (2,3 m), pisua (20 kg.), eta kokapen geografikoa (gaur egungo Asia). Zehatza da lana, bai.
Liburuak hasieran aurkibidea du, eta segidan gaiaren sarrera egiteko azalpen (oso) labur batzuk. Amaieran desagerpenaren azalpen klasikoa ematen da arinki, segidan aro bakoitzeko (triasikoa, jurasikoa, kretazikoa) animalia aipatuen zerrenda ematen da, hurrena glosarioa, eta, azkenik, aurkibide alfabetikoa.
Entziklopedia osatua, beraz, Dinosauro bat egunero hau.
Merkatuan badira dozena erdi entziklopedia gehiago, hona hemen erreferentziazkoak: Dinosauroen garaian (Ttarttalo, 2010) entziklopedia laburragoa da (67 or.), bere informazioa ikuspegi orokorra emateari lotuta dago. Dinosauroen entziklopedia (Susaeta, 2012) entziklopedia baldarragoa da, luzea (173 or.), baina ez oso eraginkorra. Dinosauroen inbentarioa, irudiduna (Pamiela-Kalandraka, 2018) izenburuak dioen bezala, irudi izendun katalogo bat da, irudietan ahalegin berezia egin dutela nabarmentzen zaiolarik. Wakou : Dinosauroak (Ttarttalo, 2017), lehen irakurleentzat bideratutakoa da, ikuspegi orokorra eman nahi da, ariketa eta esperimentuak proposatzen ditu.
Beste erabilera batzuk ere eman zaizkie dinosauroei. Esaterako, 0-4 urtekoekin marrazki erakargarrien bilduma gisa: Dinosauroen garaia (Ibaizabal, 2007), baita pop-up txundigarriak egiteko aitzakia gisa: Dinosauroak : landa gida (Ttarttalo, 2010). Ahaztu gabe, dinosauroa aitzakia hutsa denean, baliatzen dela narrazioak egiteko (Rikardo eta dinosauro gorria, Anaya Haritza, 2007), edota abentura bildumak osatzeko: Dinosauroen koba [lau aleko bilduma] (Desclee de Brouwer, 2011-2012).
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Dinosauro bat egunean'
Hau ez da beste bat
Idazlea: Miranda Smith. Ilustratzailea: Hainbat irudigile. Itzultzailea: Rosetta T.Z. Argitaletxea: Ibaizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu