KRITIKA. Musika

Haydn, horra hor zure laukotea

Marta Garcia
2025eko abuztuaren 5a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

quiroga laukotea

Musikariak: Aitor Hevia eta Cibran Sierra (biolinak), Josep Puchades (biola) eta Helena Poggio (biolontxeloa). Egitaraua: J. Haydnen Kristoren azken zazpi hitzak gurutzean, op. 51, HOB X: 1b. Lekua: San Telmo museoko klaustroa. Eguna: abuztuaren 2a.

Hamabostaldiko emanaldien aurretik komeni da entzungo diren obren testuingurua eta zerizana ezagutzea, baina esango nuke kontzertu honen kasuan ezinbestekoa dela horiek azaltzea; gutxienez, ulertu nahi badugu Cibran Sierrak zergatik irakurtzen zituen —eta dramatizazio finaz deklamatu ere— Bibliaren pasarteak sonata bakoitza hasi baino lehen.

1783an, Cadizeko Haitzulo Santuaren Oratorioa deritzona handitzeko eta berritzeko lanak amaituta, bertako zuzendaritza espirituala zeraman Jose Saenz de Santa Maria apaizak garaiko konpositorerik garrantzitsuenari, Joseph Haydn austriarrari, enkargu bat egitea erabaki zuen. Ebanlelioetan jasotzen denari jarraituz Jesu Kristok gurutzean esandako azken hitzak —hobe esanda, esaldiak— irakurri ohi dira Ostiral Santuko elizkizunean, eta barrokotik badago tradizioa irakurketa hori laguntzeko pentsatuta dauden musika-lanak konposatzeko. Hori izan zen, hain zuzen, Haydni eskatu zitzaiona; ordurako jada ez zuen Esterhazy familiarentzat lan egiten eta, hortaz, enkarguak jasotzeko moduan zegoen. Orkestra batean pentsatuz idatzi zuen lehenik, eta 1787an, argitaletxeak eskatuta, hari-laukoterako egokitzapena ondu zuen, gaur egun bertsiorik ezagunena, eta San Telmon gozatu ahal izan genuena.

Orbangabea izan zen Quiroga Laukoteak eskaini zuen interpretazioa, eta ohore egin zion guztiz originala eta irudimentsua den partitura kuttun bati. Nik, behintzat, ez nioke besterik eskatuko obra honen zuzenekoari: ekite doiak (zeinen biziak Emakume, horra hor zure semea samurrean), dastatu ere egin zitezkeen fraseatzeak une oro, dinamika zein kontraste bizi eta zentzuzkoak (hala nola Betea da dena sakonean), ebazpen garbiak. Berealdikoa Heviak bakarlari gisa duen parte-hartzea Ene Jainko, zergatik utzi nauzu? sentikorrean, bai eta Poggioren norabide sena, Puchadesen tinbre ederra eta Sierraren sentsibilitatea. Noski, azken Lurrikara-k gaua borobildu egin zuen. Neu, osotasun sentsazioak hartuta, hau guztia hitzez nola esango arduratuta atera nintzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.