Kritika. Musika

Heriotza astuna eta argi batzuk

Marta Garcia
2026ko maiatzaren 12a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Alexander Liebreich. Bakarlariak: Sophie Harmsen (mezzosopranoa), Werner GĂ¼ra (tenorra), Florian Boesch (baritonoa), Markus Volpert (baxua). Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Egitaraua: J. S. Bachen Ich habe genug, R. Straussen Heriotza eta transfigurazioa eta F. Mendelssohnen Walpurgisen lehen gaua. Lekua: Kursaal auditoriuma. Eguna: maiatzaren 8a.

Ez da ohikoa Euskadiko Orkestraren programazioan errepertorio barrokoa topatzea, orkestra sinfoniko handia izaki, oro har klasizismotik aurrerako obrak interpretatzea baitagokio. Bazen, hortaz, erronka, talde murriztuarekin ere Johann Sebastian Bachek 1727an idatzitako kantatari ekitea. Are gehiago nolabaiteko lasaitasun mistikoaren adierazpena den Ich habe genug pieza, ahots bakarlaria, oboea, hariak eta continuoa biltzen dituena, besterik ez. Kristo ikusi eta bere burua asetzat hartzen duen arimaren hatsa zabaldu behar luke obrak, baina oraingoan, tamalez, itolarriaren sentsazioak hartu gintuen: errezitatibo zuhurrak alde batera utziz, gehienetan soinu-zama gehiegi zegoen, oso modu agerian Schlummert ein lo-kantan, samurtasun falta garbian.

Orkestra osoa berriro bat eginez, Richard Straussen Heriotza eta transfigurazioa poema sinfonikoan ohiko bizitasun eta koloreak berreskuratu ziren. 1889an idatzia, obrak modu sakonean garatzen ditu erromantizismoaren gai nagusiak: heriotzaren bidezko itxuraldaketa, artearen bidez infiniturako bideari ekiteko sena. Tinbalen pultsu-erritmo irregularretik hasiz, heriotzarekiko borroka zein bizitzako oroitzapenen segida trinkotasun handiz ekarri zuen orkestrak, tarteka Liebreich bere kasa zihoala zirudien arren. Bukaeran, hariak oparo, emankor eta argitsu zabaldu zuten musikariek, antzaldatzerako bidea irekiz.

Bigarren zatian, misterioekiko ikuspegi paganoetan inspiratzen den obra izan zen entzungai, Walpurgisen lehen gaua, Felix Mendelssohnek urte luzez garatu zuena 1843an estreinatu baino lehen. Goetheren testua oinarri hartuz, Santu Guztien Eguna baino sei hilabete geroago ospatzen den jaian kokatzen da, kristauen eta paganoen arteko tirabira kontatzen duten eszena askotarikoak bilduz. Berriro ere, oro har gehiegizko soinu-zama sumatu zen, pasarte batzuk tenkatuz, baina abesbatzaren ahoskerak zein orkestraren dinamika landuek jai-giroa bermatu zuten, Es lacht der Mai xalotik druidek dakarten kerik gabeko sugar garbi eta garailera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA