Kritika. Opera

Heriotzaren gainetik, ahotsa

2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun

'Romeo eta Julieta'



Zuzendariak: Lorenzo Passerini (musika) eta Giorgia Guerra (eszena). Abeslariak: Javier Camarena, Nadine Sierra, Anna Alas i Jove, Andrzej Filonczyk, Marko Mimica, Alejandro del Cerro, Gerardo Lopez, Itxaro Mentxaka, Isaac Galan, Jose Manuel Diaz, Fernando Latorre eta, Juan Laboreria. Orkestra eta abesbatza: Euskadiko Orkestra, Bilboko Opera Abesbatza. Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia.Eguna: urriaren 21a.

Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak hots handiz hasi du 72. denboraldia, bere lehen titulua aurkezteko lehen mailako osagarriak bilduz: bikote protagonista apartekoa, musika zirraragarria eta maitasun istorio unibertsal bezain muturrekoa. Hori guztia, gainera, Oviedoko (Espainia) Operarekin batera ekoiztutako erabateko estreinaldian, Giorgia Guerrak irudikatu duen kutxa ilun eta aldakorraren barruan.

Zalantzarik gabe, bete-betean asmatu zuten eszena-zuzendariak eta eszenografiaren sortzaileak maitasunezko istorio zorigaiztokoari marko iluna jarrita. Bloke grisaren moldakortasunak (jauregi, leiho, logela, hileta-ganbera) bikotearen amodio betierekoa, eta familien arteko liskar oldarra modu naturalean uztartzea ahalbidetu zuen. Fosotik ere sen ona eta egonkortasuna nabaritu ziren, orkestra orekatu eta neurritsu mantenduz ia beti, kontzertante batzuetan izan ezik.

Obraren une hunkigarrienak, aldiz, bikote protagonistak oparitu zituen. Akaso Javier Camarenaren ahotsak ez dauzka Gounoden Romeori premiazkoenak zaizkion tasunak, tinbre zabalago bat espero baitaiteke. Hala ere, ofizioan zergatik den onenetarikoa argi geratu zen hasieratik, eta Ah! Lève-toi soleil! haragiz hedatu zuen. Nadine Sierrak, bere aldetik, Julieta bati eskatu dakizkiokeen emozio zein ahots ñabardura eta abilezia guztiak erakutsi zituen larunbatean. Emisio ziurra, betea eta malgua dauka eta, horiei esker, Je veux vivre dans ce rêve ariaren koloraturak zein Amour ranime mon courage zatiaren dramatismoa erraztasun sinestezinaz ebatzi ditzake. Huts ñimiño bat ere ez. Eta bigarren mailako pertsonaiak ez ziren bigarren mailako bakarlariak. Anna Alas i Jove paje trufari bikaina izan zen. Filonczyken Mercutio eta Mimicaren Laurent anaiak nabarmentzekoak dira, baita abesbatza ere, fin aritu baitzen mugimenduan zein tempo malkartsuetan.

Shakespearen obran heriotzak ala amodioak irabazten ote duen luze eztabaidatu daiteke, baina agerikoa da larunbatean, behintzat, ahotsa, espazioa eta musika —ordena horretan— garaile atera zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.