Kritika-Antzerkia

Herri-antzerkia euripean

'Si vis pacem para bellum' antzezlanaren emanaldia, igandean, Marikina-Xemeinen. LALI MARIMON
'Si vis pacem para bellum' antzezlanaren emanaldia, igandean, Marikina-Xemeinen. LALI MARIMON
Agus Perez.
2026ko ekainaren 30a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Si vis pacem para bellum’

Konpainia: Abarka. Zuzendaritza: Ander Lipus. Euskarazko aholkularitza: Markina-Xemeingo AEK. Gidoia: Xemein Larrinaga. Jantziak: Maria Gloria Eskabias eta Luzia Larrinaga. Koreografiak: Garazi Etxaburu. Soinua: Iban Mendizabal. Antzezleak: Nagore Leon, Ruben Markina, Idoia Aldekoa, Nerea Foruria, Edurne Ibaibarriaga, Argia Santamaria, Maitane Mendikute, Lur Epelde, Luis Egurrola, Rebeka Jauregi. Lekua: Markina-Xemeingo Arretxinaga zubiko anfiteatroa. Eguna: ekainak 28.

Euria iragarrita zegoen, baina patroiak mezu bat bidali digu egunsentian: «Gaurko emanaldian euria bada ere, egin egingo dugu. Ez da erosoa izango baina, tira!» Zure esanetara, jauna! Eta mila esker lau gelatako itsasontzi hauskor honen lemazain izateagatik, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, erosokeriaren kontra, ideia nagusiki onartuen kontra.

Hasi da emanaldia, euri langarraren pean hasi ere, baina ametsetarako bidaia, ezinezkoa baina horregatik desiratua izaten den bidaia hura ordaindua genuen han geunden guzti-guztiok. Salneurria? Doan! Honezkero denok dakigu bizitzan benetako balioa duten gauzak ez direla dirutan ordaintzen, esfortzu pertsonalarekin eta bihotzarekin baizik.

Eta hasi da emanaldia, etenik ez zuen euri langarraren pean hasi ere, ikusle bakoitzak ekarritako anorak arina, euritako astuna, plastiko ziztrina, kapa (ustez) iragazgaitza —denborak frogatu digu zein oker genbiltzan—, estolderian ibiltzeko prakak eta jaka txanoduna, txano, bisera, ipurdi azpikorako lauza bigunak... atrebentzia handiz elementuen aurrean erakusten, luzitzen, astintzen, eskrimatzen zituzten bitartean.

A! Ze plazera, ze gogobetetzea, igande arratsalde euritsu buruzurian futbol ahalguztidunari planto egitea eta benetako jendartean egotea, antzezleak ere euriari beldur barik egonda beren herriko, inguruko eta munduko gaiak aletzen, urtez urteko prestakuntza fermuagoz, urtez urte sendoago beren jarreretan, beren presentzia eszenikoan, beren ahotsen proiekzioan, beren koreografia indartsu eta hunkigarrietan.

Eta han atera dira Beheko Komentuko behinolako mojak. Orain hutsik dagoen komentu hartan bizi izan zirenak. Kapitalismoak etxebizitza turistikoen xede bihurtu du eraikina, eta horren inguruan eratu du Abarkak oraingo antzezlana. Horren inguruan eta beste gai askoren bueltan ere bai, hala nola Elizak sexuaz daukan ikuspegi zurruna, hierarkiaren aurreko matxinada, mojen zahartzea eta menopausiaren kontua, haien arteko maitemintzeak eta askatasun nahiak… Gai potoloak, ikusten denez, baina denak finezia handiz tratatuak, samurtasun handiz ere esango nuke, baina ironia buruargiz ere bai, kontuan izanda kongregazioan guztiz integratuta zeudela gizon bi: haietariko bat nabarmen bizarduna, eta bestea trabesti plantak lotsa barik eginez.

Emaitza eszenikoan rol handia hartu dute herri kanten presentziak —euskal techno aurreratuenak eta gospelak ere bai— eta moja-bizitzaren irudikapenak —ortuko beharrak, joskintza, sukaldaritza…—, baina elementu fisikoen erabilera punturik gorenera ailegatu da konklabearen ostean fumata morea atera denean —«Habemus mamam!» aldarrikatu dute—, eta zubiaren barandatik mojek lanabesak eskuetan matxinadari ekin diotenean. Azken ordu laurdenean zerutik hasi da euria gogotik, baina ordurako denok geunden blai eginda, benetako antzerkiaz eta herri kohesioaz blai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA