KRITIKA. Antzerkia

Hildakoa eta jaioberria

Agus Perez.
2015eko urriaren 4a
00:00
Entzun

'Invernadero'

Egilea: Harold Pinter. Zuzendaria: Mario Gas. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 2.

Harold Pinter gutxi ikusi dugu Pirinioetatik hegoaldera bizi izatearen destino petrala eduki dugunok. Bilboko Arriaga antzokira Invernadero (Negutegia) ikustera joan, etxera itzuli, haren datu biografikoak birpasatu eta zera ikusten dut: Literatura Nobel saria eta Frantziako Legion d'Honneur jasotako egile britainiarra, XX. mendearen bigarren zatiko dramaturgo bikaina izan zena, hirutan bakarrik taularatu da Hegoaldeko antzokietan, gaztelaniaz betiere nik dakidala. Aurreko biak El amante (The Lover, 2000 eta 2001ean) eta Regreso al hogar (The Homecoming, 2009an) izan ziren, Bilboko Fundicion aretoan eta Gasteizko Principal antzokian hurrenez hurren.

Oraingoak —The Hothouse— 1958ko data goiztiarra darama, baina egileak estreinatu barik utzi zuen hainbat hamarkadatan «une egokia heldu arte». Gaur egun ere ikusita, halako zirrara arraro bat sortzen digu testuaren kutsu atenporalak, bere baitan vintage moduko estetika bat eta garai bateko zientzia fikzioaren mezu profetikoa elkartzen baitira. Izan ere, sortze data bera informazio iturri garrantzitsua da, garai haietan ere sailkatzeko saila baitzen Pinterren antzerkia. Niri behintzat George Orwellen 1984 obra ekarri dit gogora, terrorearen inguruko isiltasun kolektiboa eta boterearen betierekotasuna Orwellek bezain ondo jaso zituelako. Adituak, ordea, absurduaren teatroaren korrontean saiatu ziren Pinter kokatzen, eta egia da bazituela moda hartako zantzu argiak eta korrespondentzia ugari trukatu zuela Samuel Beckettekin, baina ikerlari denak bat datoz Pinter harago doala esatean.

Egile britainiarra beti gertatzen zaigu asaldatzaile, misterio ilunen aztarnak maisutasun handiz txertatzen dituelako errealitate arruntaren deskribapenean. Bere geroko maisulan askotan gertatu zen bezala, honetan ere azaleratu zituen gizakien kontraesanak eta egoeren aurreko aztoramendua. Obra honetan, adibidez, hasieratik bertatik baliatu zituen esandako printzipioak, hildako baten eta jaioberri baten notizia eguberri egunean helarazita ustezko sendategi bateko bulego nagusira.

Hortik aurrera, antzezle talde eraginkor baten esku geratu da intrigaren korapiloa askatzea. Eszenatokiaren diseinu birakariak asko lagundu du eszenen arteko aldaketa azkarretan eta Mario Gas zuzendariak jakin izan du dialogoei erritmo pausatua ematen eta egilearen ingeles ironiari —satiratik hurbil askotan— zukua ateratzen. Egia esan, ez da hasierako korapilotik ezer askatu, botereak beti dakielako era batean edo bestean bizirauten, baina, azken finean, hori berori zen Harold Pinter zirikatzaile finaren benetako asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.