'Uhinak'
Artista: Ra Asensi. Non: Euskal Museoa, Bilbo. Noiz arte: Abenduaren 28ra arte.
Txorrota ireki dut lagun batek zeramikako klasean egindako katilua urez betetzeko; guztien artean gogokoena. Griselda Pollock arte historialariaren testu bat irakurri bitartean edan dut ura. Julia Kristevari buruz ari da. Kristevari jarraiki, bi denborazkotasun mota dago. Alde batetik, lineala, aldaketa bortitzak aztertzen dituena, eskolan ikasitakoa. Bestetik, errepikakorra dena; esaterako, ziklo naturaletan ikusten den hori edota gorputz esperientzien bidezkoa. Lehendabizikoa gizonekin lotzen zuen filosofoak, eta bigarrena, emakumezkoekin.
Emakume-gizon bereizketa zurrunak kontrako eztarrira bidali dit zurrutada, desfasatu samar dago jadanik genero-binarismoa. Feminismoa erdibidean kokatzen dela dio, bi historia horien artean (gu hor gaude, ezta?). Sustoa igarota, mugarri handirik gabeko historia batean pentsatzea asko gustatu zait.
Ideia hori buruan bueltaka heldu naiz Euskal Museora. Itxuraldatu da, kanpotik eta barrutik elementu tradizionalen bertsio modernizatua bilakatu da. Bertan, sorkuntza garaikideari bideratutako espazio berri bat zabaldu dute, Kukula izenekoa. Hain zuzen ere, azken solairuan dago. Estreinako erakusketa ikus daiteke bertan abendura arte, Ra Asensi (Bilbo, 1989) artista garaikidearen Uhinak.
Alabaina, behin barruan gaudela, erakusketa kolektiboa dela antzemango dugu. Hots, Asensiren lanak gailendu arren, berak sortutakoak elkar ezagutu ez duten garai desberdinetako artisten lanekin biltzen direlako. Asensirekin batera, Conchita Lacaren (Madril, 1925) portzelana zein grabatuak eta Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853) argazkiak ezagutuko ditu bisitariak, baita Blanka Gomez de Segurak (Zeanuri, 1952) buztingintzan duen esperientzia ere. Museoko bildumakoak artelan berriekin biltzeaz gain, Gordailutik mailegatutako piezek ere parte hartzen dute topaketan. Osagarri horiek guztiak elkarrizketan jarri ditu Haizea Barcenillak iragana orainarekin ehuntzen duen komisariotza-lan honekin. Bilbea desegiteko hainbat aukera ematen ditu erakusketak, espazioak ere sarbide desberdinak baititu, historiak bezala.
Demagun azpiko erakustaretotik eskaileretan gora igoz heltzen garela. Hala bada, hiru pegarrekin egingo dugu topo, eta, ondoren, askotariko objektuak gordetzen dituen beste bitrina batekin. Besteak beste, pegar desberdinekin paratutako emakumeak ezagutzeko, Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariaren begirada izango dugu bidelagun. Zama soinean edota edukiontziaren alboan, urte luzez emakumeek egindako zaintza-lana azaleratuko da irudietan.
Halaber, Asensik emakumeen memoriaren aldeko ariketa osatu du aretoaren erdigunean, sigi-saga kokatuta dagoen instalazio eskultorikoaren bitartez. Noizean behin ureztatzen diren putzu itxurako artelan hauek zeramikazko pinakulu antzekoa dute erdian, uretatik azaleratu balitz bezala. Porcelanas Bidasoa fabrikan aritutako emakumezko langile ohien ahotsen uhinekin sortutako formak jarraituz eginak dira, erakusketako horma batean eskegita dauden xaflak bezalaxe; esaldi solidotuak.
Gelan barrena mugituz, urmaeletatik gertu denboraren joanari aurre egiteko bezain iraunkorra baina orainaldiaren aurrean hauskorra den lorategia dugu. Lore-baratzea Conchita Lacaren portzelanazko igebelarrek, orkideek, kaktusek eta abarrek osatzen dute. Azken horien kolorerik ezak itxura arrotza eskaintzen die, izaki bitxiak balira bezala. Lorategiko izkina batean, Lacak asmatutako animalien katalogoan katu batek aurrez aurre daukan horman dagoen argazkiari so dago. Irudian ezkata antzekoak bizkarrean daramatzan pertsona biluzi bat dago, teilatu gainera igota. Katu edo musker baten gorputz-jarrerarekin begiratzen du nonbaitera.
Horrelako hainbat lotura egiteko aukera izango du erakusketara bertaratzen denak, diskurtso bakar eta zurruna beharrean, loturak eginez hausnarketa amaigabeak egiteko parada. Bisitariak Lacak Artelekun egindako serigrafia esperimentalekin topo egingo duenean, biolentzia kutsua sumatuko du, lorategiko goxotasunarekin ezusteko kontrapuntua jasoz.
Biolentzia horren aztarna emozionalak atzean utzita, irteerarako bide bat hartu dut. Atera aurretik, lehenago jaramon handirik egin gabeko bi lokatz pusketatara itzuli naiz. Erakusketan dagoen bideoan, Ra Asensi eta Blanka Gomez de Segura ikusi ditut batera buztina naturatik hartzen, eskuz ukitzen eta moldatzen. Agian partekatutako momentu horren lekuko izandakoak dira puskak, lehortutako emozio gogortuak. Ateratzean, gogokoen dudan historia horrelako puskekin egindako istorioek osatzen dutela konturatu naiz.