Hitza, ahotsa eta gidaritza finak klaustroan

Marta Garcia
2025eko abuztuaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

la ritirata

Musikariak: Josetxu Obregon (biolontxeloa eta zuzendaritza artistikoa), Beatriz Oleaga (mezzosopranoa), Alberto Martinez Molina (klabea eta organo positiboa), Manuela Velasco (antzezlea). Egitaraua: Maitasun mistikoa: J. Cabanilles, J. Hidalgo, F. Hernandez Yllana, S. Duron eta abarren obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoko klaustroa. Eguna: abuztuaren 17a

Josetxu Obregonek zuzentzen duen La Ritirata taldeak musika barroko espainiar-italiarra eta Errenazimentu garaiko zein Urrezko Mendeko poesia mistiko eta maitasunezkoa ekarri zituen igandean San Telmora. Sen onaz egiten direnean, formatu erakargarri eta aberatsak suertatzen dira hitza, kantua eta musika elkartzen dituzten programak; igandekoa, zalantzarik gabe, horren eredu orbangabea izan zen.

San Joan Gurutzekoaren Gau iluna olerkiak ireki zuen kontzertua, Toledoko kartzelan zegoela idatzitakoa, eta horren ondoren eman zuten Giovanni Felice Sancesen Pianto della Madonna fina, hainbat berrikuntza harmonikoren bidez Ama Birjinaren pertsonaia dramatismoz janzten duena. Eta hala egin zen kontzertua: atsedenik gabe hitzak eta musika tartekatuz, txalo edo gehiegizko mugimenduek San Telmoko klaustroan sortu zen giro zinez mistikoa hausteko zirrikiturik utzi gabe.

Alderdi musikalean, Obregonen doitasun zein norabide-zentzu apartak, Martinez Molinaren sostengu emankorrak eta Beatriz Oleagaren tinbre garbi eta airosak batuta, aria eta kopla guztietan xehetasunak eta dinamika zehatzak definitu zituzten. Nabaria izan zen, esaterako, Juan Hidalgoren Itxaron, sentitu, hil ederrean, baita Juan Manuel de la Puenteren Urakana igarotzen bada ere biziagoan ere, zeinetan txeloaren erregistro eta moldagarritasun zabalaz ere gozatu ahal izan genuen. Manuela Velascok, berriz, gizatasun eta emozionaltasun handiz haragiztatu zituen kontenplaziora eta jainkozko maitasunera bideratutako olerkiak. Sakontasun biziz deklamatu zituen Maria de Zayasen Eguna maitatu, eguna gorrotatu eta Teresa Avilakoaren Arima, bilatu zaitez nigan. Eta, zer esanik ez, azken horren Neugan bizi gabe biziz ezaguna, Antonio Caldararen Vicino a un Rivoletto kantatako Aimè, sento il mio core ariarekin batera kontzertua amaitu zuena.

Emanaldiak, denera, gozamena bermatzeko elementuak bildu zituen: programa koherentea eta ondo pentsatua, tentuz hautatutako eta errezitatutako olerkiak, eta distiraz interpretatutako eta gidatutako musika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.