'Estalien gradora' 

Hitzak berba bihurtu

Egilea: Joxe Austin Arrieta. Argitaletxea: Txalaparta. 

2016ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Baiki, bitxia da liburu honen editore Mikel Sotok hitzaurrean egin aitorpena: «Liburu hau ez luke Txalapartak argitaratu behar baina liburu hau argitaratu behar zen». Izan ere, Txalapartak ez omen du poesiarik argitaratzen poesia argitaratzen duen arte, alta bada, argitaletxeak argitu beharko luke erabaki horren zioa, poesia literatura baita, besteak beste. Dena den, eskerrak eman behar Arrietarekin salbuespena egitearren. Bitxia da, halaber, Euskal Herriko inongo beste argitaletxek ez hartu izana aintzat Joxe Austin Arrietaren azken lan iradokitzailea. Gauza bera esan liteke iruzkingileek albo batera utzi izanaz, nik dakidala, literatura kritiken hemerotekari jarraiki, orain arte Mikel Asurmendik bakarrik izan baitu hizpide Argia-n.

Liburu hau zerbait baldin bada poesiaren gaineko hausnarketa eternala da: hitzak berba bihurtzen dituen poesiaren gaineko saiakera, elkarrizketa intelektuala artearen mugaz haraindi, eta baita antzezpena ere, Arrieta poetak urteen joan-etorrian eraiki pentsamenduaren poesiaren gaineko ikuspuntu pertsonal eta hermetikoa. Argitaletxe berean, kausalitatea ote?, Terra Sigilata eleberriaz geroztik (2008) ez du ezer plazaratu, besteak beste, Hadrianoren Oroitzapenak edo Denbora galduaren bila gogoangarrien itzultzaileak azken hogei urteotan bildu poemekin eraikitako literatura artefaktu ausarta, batzuetan larregizkoa, haren gogoko poeten poemak uztartuz eta poema propioen artean erudizioz mukuru diren zubiak zeharkatuz. «Oihal alderantzitua baitzara/ Butaka-palkoetako jendearen iruzurle,/ poesiazkoa gogo-jardun gogo-akigarri hori», argitzen du 1995eko poema batean.

Ez da erraza, dena den, liburuaren konplexutasunari gorazarre, esanahiaren eta moldearen poliedroaren alde guztiak agertzen dituen Estalien gradora-ren (Txalaparta, 2016) nondik norakoari heltzea, Arrietak asmo handiko eta epe luzera begirako poesia ehundu baitu literatura generoak uztartuz, batzuetan larregizko hedapen intelektuala baliatuz, nolanahi ere. Horrek bere arriskuak ditu, eta agian ez da poesiazale guztien eskuragarri izango, ahalegin intelektual eskerga eskatzen baitu. Betiere, poesiaren funtzioa eta xedea hizpide, sorkuntzaren arrazoietan eta ezinetan sakondu nahi izan du idazleak. Niketz eta Edgar «aktore-idazleen» arteko elkarrizketa antzeztua (Arrietaren baitan ko-existitzen diren bi kontzientzia-pentsamendu-joera dialektikoen arteko norgehiagoka) baliatzen du egileak plazaratu nahi duen ideien berri emateko. Pertsonaiok «elegrafiatu» egingo dute literatura dei litekeen oro, batak ahozkotasunari helduta, besteak testigantza literarioa emanez.

Esango nuke Arrieta hobeto moldatzen dela ideiekin irudiekin baino, eta batzuetan hizkuntzaren baliabide estilistikoak agortu beharrean aurkitzen da, adierazi nahi duena adierazi ezingo balu legez, Wittgensteinen gisara, apika jakin baitaki bere poesia askotan mugatua gerta litekeela asmoaren handitasunak berak itota.

Beste poeten aztarna nabaria da, hala nola B. Gandiaga, J. A. Irigarai, I. Borda, Pessoa, García Lorca eta abar. Arrietak ez du aipamen soila bilatuko, solaskide literario bihurtzen ditu poetok eta haien lana abiapuntutzat hartuz eraikiko du berea, maiz. Eranskin gisa, M. Antzaren Sorkuntza minak gibel-solas interesgarria dasta dezake irakurleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.