'blaubeeren'
Testua: Moises Kaufman, Amanda Gronich. Zuzendaritza: Sergio Peris-Mencheta. Eszenografia: Alessio Meloni. Argiak: Pedro YagĂ¼e. Jantziak: Elda Noriega. Ikus-entzunezkoen diseinua: Emilio Valenzuela. Musika: Joan Miquel Perez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Data: Urtarrilak 16.Â
Txalo beroekin hasiko gara gaurko iruzkina idazten, ikusle guztien txalo beroak jaso dituelako emanaldia hasi baino lehen aktore batek irakurri duen manifestuak, Israelek palestinarren kontra daraman genozidioa salatuz.
Beharrezkoa zen aldarrikapena, zeren nik ere neure susmoak nituen ea Holokaustoari buruzko antzezlan honek ez ote zuen sionismoaren zuritzea ekarriko. Bide batez esanda, niri behintzat ez zait asko gustatzen nazien basakeria sistematikoari eta burutu zuten genozidioari horrela deitzea, hitzaren konnotazio biblikoagatik eta uste dudalako izendapen horrekin erlijio hebraikokoek beren alde monopolizatzen dutela beste askok ere pairatu zutena, kopuru askoz txikiagoetan izan bazen ere.
Testuak —argumentua bainoago testua da antzezlan dokumental honetako hitzezko osagarria— gerra garaiko Auschwitzen eta AEBetako oraingo Holokaustoaren Museoaren artean kokatzen gaitu, gizon batek hara bidali dituelako kaxa batean 60 urtez gordetako argazkiak. Inoizko sarraskirik handiena —350.000 eraildako Auschwitzen bakarrik— antolatu eta gidatzen zuten ofizialak, burokratak —haietariko asko emakume gazteak— eta enparauak agertzen dira horietan, beren seme-alabekin familia-egoeretan, atsedena hartzen beraientzat atondutako opor lekuan, ekintza ofizialetan.
Atoan datorkigun itauna da ea zelan zen posible sufrimendu masiboaren alboan normal bizitzea, eta emanaldian zehar argazkietan agertzen den nazi baten peskizan ibili arren, horixe da egileek planteatzen digutena. Horren atzean agertzen zaizkigu umetatik jasotako doktrinamendua, botere-postuetara igotzeko guraria, gaztetan mugimendu masibo eta indartsu baten parte sentitu izana… eta, zelan ez, nazismoaren hondoratzean erakutsitako koldarkeria, dena ukatuz edo erabateko ezjakintasuna aldarrikatuz. Beraien ondorengoengan utzitako arrastoa ere agertu da pertsonaia batzuen bidez, eta oso esanguratsuak egin zaizkigu haien bizipenen kontakizunak.
Disposizio eszenikoak museo bateko lan-mahaiak eta atzeko panel mugikor handiak erakutsi ditu —atzean zegoen pianoa— eta haietan proiektatu dira bilduma hartako argazkiak, bikain proiektatu ere, dinamismo egokiz eta unean uneko kriminalak argiarekin zehazki nabarmenduta. Sari bat mereziko luke irudien maneiuak.
Antzezleek txabusina zuria jantzi dute ikerlari roletan eta tonu grisak edo arreak nagusitu dira bestelako pertsonaien interpretazioetan. Ikerketa zientifiko giroan etorri zaigu guztia, eta sinesgarritasun osoan bilduta jokatu dituzte rol desberdinak, kanpoko karakterizazioa ia aldatu ez den arren. Maisulana, benetan, eta lerrook amaitzeko, hona hemen azken minutuetan entzun dugun esaldia: «Genozidioak ez dira sarraskiekin hasten: hitzekin hasten dira». Â