Kritika. Musika

Hizkuntza tropikal berria?

'Ruido Tovar' diskoaren azala.
Andoni Tolosa.
2026ko maiatzaren 31
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

MEXICAN INSTITUTE OF SOUND & MERIDIAN BROTHERS

Denbora kontua zen, ez zegoen zalantzarik, nola ez dute lehenago egin... Horrelako esaldiak etortzen dira burura disko hau entzuten hasita. Ez da harritzekoa, antzeko espiritu jostalari, kritiko eta surrealistak gidatu baititu bai Mexican Institute of Sound eta bai Meridian Brothers egitasmoen ibilbideak: leku bat non elkartu dituzten musika latinoak (cumbia batez ere), ironia kritikoa, 60ko hamarkadako psikodelia eta elektronika katxarreroa.

Hain zuzen ere, 60ko hamarkadako cumbia mexikarra eta garai hartako leherketa izan da Camilo Lara mexikarraren eta Eblis Alvarez kolonbiarraren elkarlan honetarako aitzakia. Diskoarekin bereziki aldarrikatu nahi dute Rigo Tovar, Xabier Passos eta enparauen lana, eta modu bikainean —espezialistak dira horretan— berreskuratu dute musika horren ezaugarri nagusietakoa izan zen moog eta gitarra elektrikoen arteko fusio irudimentsua. Honelaxe azaltzen du Camilo Larak: «Ruido Tovar Eblisek Mexikoko cumbiarekiko zuen jakin-minetik sortu zen soinua da, Kolonbiako tradiziotik ezberdina, eta disko hau herentzia horri egindako omenaldi argia da. Rigo-tik aro psikodelikoraino, paleta zabaldu nahi izan genuen, danzonarekin, orkestra tropikalekin, eta biok hazi gineneko soinu horiekin guztiekin esperimentatuz».

Kantu bilduma Cumbia del Lobo instrumentalarekin hasten da, eta auzoko festetako dantzaldi batean kokatzen zaitu; dagoeneko, nabarmena da kimika berezia dagoela bi musikarien artean: magia moduko bat. Ondorengo Ritmo Babilonia-k rock aldera egingo du eta erritmo tropikal berri baten iragarki gisara har daiteke, imajina daiteke babilonia horrek rasten Babyloniari egiten diola erreferentzia... Bai, umorez hartu beharreko diskoa da hau. Hurrengo Ira (IA) adimen artifizialari eskainitako desamodioz betetako pop, son eta balada nahasketak are gehiago indartuko du aurpegian jaio zaizun irribarrea. Irribarre hori laster barre bihurtuko da, El CampeĂ³n (Bienes Funerarios) txa-txa-txa dekonstruituarekin eta Cumbia Fantasia-ren ekialde urrunekoak diruditen gitarrekin. Eta zer esanik ez, Concorde danzon zoragarriarekin —«Es el Concorde de mi compadre, es el Concorde» (adiskidearen Concorde-a da, Concordea)— 60ko hamarkadaren sinbolo bilakatu zen hegazkinari eskainia eta ironia korrosiboz betea.

Ez da harritzekoa, halako giro magikoa ikusita, Beck-ek berak diskoko kantu pare batean parte hartzea, basamortu giroko slide batekin hasten den Cumbia Beckiana-n, besteak beste. Diskoko hirugarren instrumentala dator ondoren, Danzon 8bits. Eta film italiar batetik atereak diruditen gitarren ondoren, Cumbia de los Estudiantes bikainaren lelo itsaskorrak harrapatuko zaitu —«de pronto tanta educaciĂ³n es un desastre» (bat-batean hainbesteko heziketa desastre hutsa da)—. Amaieran, Perdí mis ojos kantuak hasierara, auzoko dantzaldira, bueltaraziko zaitu, dultzemeneoan aritzeko orkestina baten laguntzaz.

Uste dut Camilo Larak berak hobeki laburtzen duela diskoaren mamia: «Emaitza? Espero genuenarekin zerikusirik ez. Meridian Brothersen eta Mexikoko Soinu Institutuaren arteko fusio bitxia da. Zerbait berezia, eta oso harro nago horretaz». Gehitzeko beste ezer ez. On egin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE