'la mujer rota'
Jatorrizko testua: Simone de Beauvoir. Egokitzapena eta zuzendaritza: Heidi Stenhardt. Zuzendari laguntzailea: Ana Barcelo. Eszenografia eta jantziak: Alessio Meloni. Soinu diseinua: Luis Miguel Cobo. Argiak: Rodrigo Ortega. Antzezlea: Anabel Alonso. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 1.
Lerro hauetatik aitortzen dut 16-17 urterekin irakurri nuela Simone de Beauvoirren Le deuxième sexe, 1949ko saiakera mardula. Era berean aitortu behar dut ez nuela gauza handirik ulertu: nerabeen sexu egarriak bultzatu ninduen libururantz, eta ez nuen halakorik aurkitu, noski, baina seguru nago asko markatu ninduela. Harrezkeroztik ez dut filosofo handi eta feministaren obrarekin beste kontakturik eduki —normala, orduko betekada hura kontuan izanda—, baina hara non orain Arriaga antzokian estreinatu dutela La mujer rota, Anabel Alonso santurtziarra antzezle bakarra dela.
Hasteko eta behin, jakin beharra dago La femme rompue liburuak (1967) hiru errelato hartzen dituela —L’âge de discrétion, Monologue eta La femme rompue bera—, betiere emakume heldu baten gogoetak testuen muina direlarik. Orain ikusi dugun antzezlanak, beraz, liburu horretan du oinarria, baina nik esango nuke Heidi Stenhardt (Buenos Aires, 1977) muntaketaren zuzendari eta testuaren moldatzaileak Monologue izeneko zatia hartu duela nagusiki, haren garraztasun neurrigabea teatralagoa suertatuko zelakoan.
Alonso energia handiz sartu da eszenan, emakume helduari dagokion kamisoi arrosa jantzita, eta zabalik zegoen leiho batetik birao bat bota die urte zaharreko parrandazaleei. Izan ere, emanaldian zehar ugariak izan dira biraoak, madarikazioak eta hitz potoloak, hutsaren hurrengoa sentitzen den emakume haren adierazgarri, eta horren araberakoak izan dira bere jarrera asaldatuak, ahots mehatxagarria, berbaldi sukoiak eta paroxismo fisikoa.
Alessio Meloniren eremu eszenikoak kubo erraldoi baten barruan irudikatu du protagonistaren barne itxialdia, 2001 A Space Odyssey-ren estiloko gela neoklasikoaren erara, are hotzagoa kasu honetan, zeharo kolore bakoa izan delako: zuri zikinekoak izan dira hormak, atea, leihoa eta sabaia, eta grisak behin ere erabili ez den sofa eta gauzakiak gordetzeko ontzi estrainioa. Argi zuri estatikoak eta bospasei piano nota isolatuk osatu dute ikusleen neuronak zigortzeko beste osagarriak.
Amaitzeko —eta horren ardura osoa zuzendariari dagokio— monotonoa eta ñabardurarik gabea iruditu zait Alonsoren antzezpena, alabaren suizidioaren pasartean izan ezik, bestelako denbora osoan haserrealdi bizian egotearen tonua ibili duelako, inoiz ere molde nekoso horretatik irten gabe. Nik, ordea, nahiago nukeen egoera animikoaren araberako ñabardurak, gorabeherak, arimaren sentimendu-aniztasuna ikusi izana, eta ez erretxindura telurikoaren izenean jaso dugun kemen eszenikoaren erakustaldia.