KRITIKA. Artea

Hutsunearen erritmoan

Maria Benito Pirizen erakusketako obra bat, Bilboarte espazioan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maria Benito Piriz. 'Entre cantar y hablar'

Non: Bilboarte aretoan, Bilbon.Noiz arte: Urriaren 19ra arte.

Urtero bezala, Bilboarte Fundazioak bekadunen artean egiten duen aukeraketan, zazpi artistari aukera zabaldu die euren lana Fundazioaren erakustaretoan bakarka aurkezteko, lanaren produkziorako laguntza batekin eta erakusketaren katalogo bat editatuz; aukera ezin hobea artista guztientzat. Aurten, beraz, 2017ko bekadunen artean hautatutako proiektuak ikus daitezke Urazurrutia kaleko espazioan: Maria Benito Pirizen lanaz gain, Ines Garcia, Manu Blazquez, Zuhar Iruretagoiena Labeaga, Ion Macareno, Beatriz Sanchez eta Uxue Lopez Iruretagoienaren proiektuak bakarka eta modu zabalagoan ezagutzeko aukera dago.

Maria Benitoren txanda da asteotan. Izenburuak deskribatzen duen bezala, Sprechgesang terminoan oinarritzen da haren proiektua, hau da, abestearen eta hitz egitearen artean dagoen teknika bokalean. Horrela, hain lausoa den kontzeptu horren harira, testuentzako forma fisikoaren bilaketa prozesu bat egiten du artistak. Hala, bideo lanetatik eskulturaraino doan emaitza formal bat bilakatuz doaz testuaren egoera emozionalarekin harremana duten hainbat ideia: harrotasuna, nagusitasuna, apaltasuna eta segurtasun falta. Artistak berak aipatzen duen moduan, erritmoa, etenaldia eta tonua bilakatuz doaz altueran, forman eta testuretan: «Testu bat oihuka errezitatzen badut, pieza handi, latz eta adoretsua bilakatzen da. Xuxurlatzen badut, berriz, pieza txiki, goxo, sentibera, koldarra... Ez daukat formula zehatzik; batzuetan, zerikusi handiagoa du testuak errezitatu edo idazteko orduan dauzkadan sentimenduekin».

Parametro hauetan oinarrituta zabaltzen dira artistaren lanak espazioan. Bideoa, eskultura, irudia, soinua... guztiak biltzen dira lantzen den eremu bitxi bezain interesgarri horren barruan. Artelan multzo bakoitzak bere berezitasunak gordetzen ditu; horrela, errezitatutako poesiak sakelakoaren grabagailua estaliz sortzen diren hutsuneekin tartekatzen diren bitartean, erritmo eta eten berriak sortuz, paretetan zabaltzen diren irudiek sare sozialetako aipuak edo mugikorretako aplikazioetan jasotako olerkiak erakusten dituzte, haiek tarteka irudi digitalen bitartez estaliak direlarik, aurretik aipatutako hutsuneak bisualki eraikiz. Eskulturak, berriz, ia denak guztiz beltzak, material ezberdinez osatzen dira; xafla ilunak metalezko hodi eta plastikozko bridekin nahasten dira, tartean gordetzen dituzten esaldi edo hitzak inguratuz. Argi dago etenak garrantzi berezia daukala estetika deigarri eta pertsonal horren barruan; haien bitartez eraikitzen da erakusketa, hutsunearen erritmoan.

Hitzaren eta artearen arteko lotura oso aberatsa eta zabala izan daiteke. Gaur egun, hainbatetan planteatu da arteak (orokorrean) hitza direla, eta gizakion hitz bakoitza komunitate loturak gauzatzeko gai dela. Beraz, adierazpen horren arabera forma artistiko guztiak elkarrizketa baten osagaiak dira. Nahiz eta hitz egitea eta artelanak sortzea gauza ezberdinak izan daitezkeen, azken horiek, oinarrian, hizkuntza baten barruan dauden forma desberdinak dira, espresio modu bat diren heinean. Artea, modu klasiko batean ulertuta behintzat, isiltasunez osatzen den lengoaia bat dela esan dezakegu, Heideggerrek gerede hitzaren bidez definitzen zuen baliorik gabeko berriketatik urrun.

Hortik dator artelanek errealitate sakonen munduetara eramateko duten botere iradokitzaile hori, guztiz pertsonala den esperientziaren bitartez soilik sortzen dena, eta hitzen bitartez soilik itzultzerik ez dagoena. Badakit gogoeta hauek eztabaida filosofikoen oinarri desegonkorretara garamatzatela, baina bertan aipatutako ideiek Maria Benitoren lanera hurbilketa bat egiteko balio dezakete (niri behintzat baliagarriak zaizkit). Zeren, oinarrian, hitzean eta honen espresio bidean du bere muina. Kantatzearen eta hitz egitearen artean puntu bat dago, erritmo eta tonu aldaketa bat, hutsunearen edo isiltasunaren bitartez egituratzen dena.

Zaila da kantatzearen eta hitz egitearen artean dagoen hori zehaztea, baina, era berean, errealitate sakon eta subjektibo batean murgiltzen gaituen erritmo hori sumatu ahal da. Agian bien artean dagoen hori ez da entzungarria, formaren, materiaren eta isiltasunaren bitartez eraikitzen den etena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.