'PALINPSESTOA'
Idazlea. Joxe Austin Arrieta.
Â
Argitaletxea. Maiatz.
Poesiakoa zuen azkenengo lana Joxe Austin Arrietak, 2016ko Estalien Gradora hura. Genero horretakoak ditu lan gehienak, akaso narratibaren arloan gehiago nabarmendu den arren. Idazlea ez ezik, itzultzailea ere bada, eta nago bere sormen lanari estuki lotuta dagoela jardun hori. Azkenengo lanetik hamar urtera kaleratu du Palinpsestoa liburu mardula, barne bakarrizketa itxurako artefaktua.Â
Izan ere, narratibaren arloan sartuagatik, narraziotik ezer gutxi du liburuak. Aipatzekoa da, hala ere, narrazio genero gorena den nobelak berak ere harreman gatazkatsua izan duela, sorreratik beretik, narratibitatearekin. Kontatzearen ezina edo nazka dute ardatz XX. mendeko nobela aipagarrienetako batzuek; Paul Valeryren harako hura: «Markesa bostetan irten zen…». Palinpsestoa-n ere nabaria da kontaketaren ezina, edo ukoa —akaso lehenengoa gehixeago, autorearen hitzei erreparatzen badiegu—. Hori horrela, bakarrizketa betea da liburua, edo hobeto esanda, autorearen eta berak sortutako alter ego-en arteko elkarrizketa zezelkari eta zatikatua.
Oroitzapenen kutxari tiraka arituko da egilea, Errenteriako Zumardiko ametsak hartaratua; liburua bukatu eta berau plazako Mitxelenaren omenezko eskulturan uztea du xede. Errebelazioaren ondoren, Barruhotza izeneko etxetik Donostiako Amararainoko bidean, road-moviea-ren tankera hartuko du kontakizunak. Donostiara iritsita, berriz, eta bere idazkien PensiĂ³n Bellas Artes izeneko karpeta husteari emana, oroitzapen mingarrietako batzuk aletuko ditu, gatazkari lotutakoak asko.Â
Liburuan etengabe nahasten dira leku fisikoak idazkien karpeten izenekin, benetan gertatutako pasadizoak egilearen irudimenak asmatutakoekin. Eraikuntza bat da ezerezaren erdian, oroitzapenen pisuak eta zatikatzeko eta barreiatzeko joera duen idazkera bihurri batek baino eusten ez dutena. Idazkeraren abentura bere gordinean, Ricardouren hitzak gogora ekarriz. Alabaina, argia eta zuzena ere bada liburua. Kontu kitatze halako bat igarri daiteke zenbait pasartetan. Aitorpen latz askoak tartean. Bere buruaren azterketa zorrotza egiten du Arrietak eta amaieraraino eusten dio hasierako hordagoari, estilo zein proposamenaren nolakoari. Bistan da apustuak baduela arriskurik, izan daitekeela oihartzuna irakurlearengana ez heltzea ere. Barne bakarrizketa erresonantziarik gabekoa suertatzea azkenerako. Idazkera bera ere, bere bihurgune eta arrandia, zapal antzerakoa. Ez zait iruditzen liburuan hala gertatzen denik, oro har.
Esateko zituenak esaten dakien modu bakarrean esanda utzi ditu Joxe Austin Arrietak. Eta idazketa ernez, arnas eta esan-indar handikoaz —eta barroko samarraz, dena esan behar bada— egin gainera. Ia 500 orrialde behar izan ditu horretarako. Ez da makala bizi ditugun garai hiperlabur eta arinetarako. Norbere buruaren analisiak zein bizitzaren errepasoak literaturaren bitartez egiten zireneko garaia dakar gogora. Oraindik ere literatura espresiobide zinezko eta bakan izan daitekeela iradokitzeraino. Hala bedi.Â