Ideologien beldurrik bai?

'Lurrak ez du jaberik izango' erakusketako ikus-entzunezko bat, Artiumen. RAUL BOGAJO / FOKU
Marwa Arsanios artistaren 'Lurrak ez du jaberik izango' erakusketa, Artiumen. RAUL BOGAJO / FOKU
Kritika. Artea
2026ko urtarrilaren 20a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Lurrak ez du jaberik izango'

Artista: Marwa Arsanios. Tokia: Artiumen, Gasteizen. Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artiumera joan naiz, proposatzen dituen erakusketen artean baten izenak erakarrita: Lurrak ez du jaberik izango. Lurren, herrialdeen eta norbanakoen bizitzen jabetzarekin lotutako egoera distopikoak gure egunerokotasunaren parte bilakatu diren honetan, ziur nago titulua zuei ere deigarria egingo zaizuela. Izenburuaren atzean Marwa Arsanios artista libanoarra dago, eta Hego Globalean kokatutako ekosistemen elkarbizitza eta koexistentziaren bueltako ekoizpen bisual eta plastikoa proposatzen du erakusketaren bitartez. 

Museoan sartu naiz. Berriz ere kristalezko lanpara, berriz ere eskaileretan behera, eta berriz ere ezkerreko aretoetara zuzentzen dut ibilbidea. Mostraren testua duen hormaren aurrean gelditu naiz, beste aretoetako soinuek nolabaiteko harrera egiten didaten bitartean. 

Antza denez, Arsaniosen erakusketaren ardatz nagusia Who Is Afraid of Ideology? ikus-entzunezko proiektua da. Hau bost ataletan banatuta, gizarte kapitalistak egituratutako sistema kolonialetatik harago, lurraren jabetza eta ustiapena antolatzeko hainbat kasu aurkezten ditu; preseski, horren parte diren osagai guztien koexistentzia zainduko zituztenak. Hala, egoera eta eszenatoki ezberdinak agertzen dira proiektuak osatzen dituen bost filmetan: Kurdistan, Siria, Kolonbia eta Libano, zehazki.

Lehenengo gelan nago orain. Bertan, pantaila handi bat dago sabaitik zintzilik. Nire desplazamendua baldintzatzen duen heinean, haren aurrean eseri naiz, zer kontatuko didan zain. Bankuan dauden kaskoak jartzen ditudanean, zenbait ahots femeninok beren bizipenei buruz dihardute. Pantailan mendi bat agertzen den bitartean, batzuek Kurduen Gerrillan zeudenean espazioarekin, naturarekin zehazki, zuten harremana azaltzen dute. Izan ere, egitura politikoek beren herriaren existentzia ukatzen zuten heinean, orduan (eta orain) geratzen zitzaien bakarra lurra baitzen (delako).

Bankutik altxatu naiz, eta pantailaren beste aldean bigarren bideo bat dagoela ohartuta, haren aurrean gelditu naiz. Eszenatokia Siriako Jinwar herrixka da. Ikusten dudanak berehala pizten dit arreta. 2017an sortu zen herri hura emakumez osatuta dagoelako soilik. 

Askotan, gure begirada kolonialak patriarkatuak eragindako indarkerien diskurtsoetara mugatzen ditu Hegoaldeko herrialdeak. Hots, kasu honetan diskurtso hori deseraikitzen duen bestelako eszenatoki bat erakusten du bideoak. Jinwar herri feminista eta ekologista bat delako, non elkarren zaintzaz beste, inguruko landareen, animalien eta lurraren zaintza ere funtsezko ardatz diren. 

Altxatzean animalien zein landareen marrazkiek markatzen duten pasabidearen amaierara gerturatu naiz. Han, sabaitik zintzilikatutako ehun handi batek erakartzen nauen heinean. Bertan irudikatzen diren forma geometrikoen artean ‘jabetza’ eta ‘ez-jabetza’ bezalako hitzak irakur daitezke; araudi baten gisara, komunitate baten funtzionamendua iradokitzen dutenak. 

Piezak Who is Afraid of Ideology? proiektuaren hirugarren atalari eskainitako gelari egiten dio harrera. Berriz ere, espazioan dagoen eserleku geometriko eta eskultorikoan esertzen naiz, pantailari arreta jarriz. Bertan, hainbat pertsonek lurraren jabetza eta ez-jabetzaren inguruko gogoetak partekatzen dituzte, ardatz nagusi gisa lur zati baten bitartez espazio komunal bat sortzeko nahia hartuta. Tarte baten ostean, hurrengo gelarantz noa, horrek zer eskainiko didan zain. 
Ikus-entzunezkoak bigarren plano batean geratzen dira hemen, pinturek zein ehungintzak hartzen baitute lekua. Eta, hala, ikusleari nolabaiteko arnasa ematen diote, aurreko bideoen karga bisual, plastiko, eta informatiboa baretuaz. Aldi berean, ehunetan brodatutako figurek ikusi eta entzundakoarekin loturak ehuntzen dituzte, sabaian zintzilikatuta dauden legeek hori bera ere lortzen duten era berean; erakusketa beste erritmo batean jarraitzeko aukera eskainiz. 

Oraindik ere, beste bi bideo falta zaizkit ikusteko, eta une honetan erakusketek eskatzen duten denbora eta erritmoen inguruan hausnartzen hasi naiz. Egungo denboren logikak kontsumo azkarra inposatzen digulako, erakusketa bat ikustearekin nahikoa izango balitz bezala. Kontrara, azkenengo bideoak ikusten ditudan bitartean sentitzen dut erakusketa hau harrera gune bihur zitekeela, non bideoak lasaitasunez ikus zitezkeen, egun batean eta hurrengoan, ikusten dugun hori barneratzen dugun bitartean gerora espazio hura ere eztabaidagune bihurtuz. Mostrak ez dituelako soilik beste lurralde batzuetako erresistentzia-moduak erakusten, baizik eta ikusle gisa dugun kokapena ere kolokan jartzen duelako, gure begiradaren pribilegioak eta konplizitateak agerian utziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.